Kirolaren bueltako jaialdia antolatu gura izan du UDAk azaroaren 1erako. "Kirola egitea osasunean irabaztea delako", azaldu du Agurtzane Elkoro presidenteak. Hala, beteranoen partidua izango da, batetik, eta umeendako puzgarriak, bestetik.
Hazten joan den taldea
Beteranoen taldea 2008aren bueltan sortu zuten. "Futbola utzi ondoren hainbat lagunek elkartzeko ohitura genuen, eta taldea osatu eta txapelketetan parte hartzera animatu ginen. Hamarkada bateko jokalariak izan ginen lehenengoak, eta, geroztik, hazten joan da, beteranoen taldea osatu arte", azaldu du Andoni Rodriguez taldeko kideak. Aparteko giroa dutela gaineratu du: "Hogei urte baino gehiago da futbolak elkartu gintuela, eta gure arteko harremanari eutsi egiten diogu; futbolarekin gozatzen jarraitzen dugu, gainera".
Urtean lauzpabost partidu jokatzen dituzte: "Iaz, esaterako, apiril inguruan Real Unionen aurka jokatu genuen eta ekainean Donosti Cup txapelketan izan
ginen".
Arenaza eta Barkero ere bai
Realak berak agertu zuela partidua jokatzeko interesa dio. Handik zein jokalari etorriko den ez daki, baina bai zeintzuk diren ohikoak: "Xabi Prietok ez du hutsik egiten, eta Fuentes, Iturrino, Cuyami... ibili izan dira".
Norgehiagoka horretarako herriko bi jokalari ezagun gonbidatu dituzte: Igor Arenaza eta Jose Javier Barkero. Biek ala biek baietza eman diete: "Belaunak ez dauzkala bete-betean esan digu Barkerok, baina minutu batzuk jokatzeko gertu dago".
Hona hemen UDAko jokalariak: Andoni Rodriguez, Eriko, Mikel Luengo, Gartzi, Piru, Aitor Perez, Asier Manso, Egoitz Garai, Oxel Apraiz, Jon Agirre, Jon Torres, Oxel Erostarbe, Lur Arana, Arenaza, Igor Ezpeleta, Barkero eta Markel Lete.