Gaba Baltzak ez du hutsik egingo aurten, eta dagoeneko hasita daude hori girotzen Loramendi elkarteko Loratu egitasmoko kideak. Astelehenaz geroztik daukate abian escape room-a, udaletxe zaharrean, 9 urtetik gorakoendako, eta txanda guztiak bete dira. "2020an antolatu genuen lehenengoz, pandemia sasoian beste ospakizunik ezin zelako egin. Sekulako arrakasta izan zuen orduan, eta baita orain ere", adierazi du Ainhoa Sanchez dinamizatzaileak. Gaur eta astelehenean izango dira parte hartzeko azken egunak.
Umeei bideratutako tailerrak ere egingo dituzte egubakoitzean, ludotekan (17:00): eskulanak, mozorroen prestaketa eta aurpegi margotzea.
Ospakizun handia, baina, astelehenean izango da. Herria apaintzeko dei egin dute eta iluntze partean hasiko dituzte
ekitaldiak: "Kantuan joaten diren umeek trukean zerbait jasoko dute hainbat dendatan. Eta bukatzeko, Jaiki elkarteko dantzariekin batera ikuskizuna izango da".
Kontakizun ilunen lehiaketa
Bestetik, lehenengoz antolatu dute kontakizun ilunen lehiaketa –formatu librea, orri bakarrekoa–, eta horiek aurkezteko azken eguna gaur da, egubakoitza. Lanak bidali behar dira honako helbide honetara: euskara@loramendielkartea.eus.
Gaztelekuan Arimen Biltzarra
Atxagazte gaztelekuan ere ospatuko dute Gaba Baltza aste bukaeran. Kukumarru tailerra egingo dute lehenengo (18:45), eta afaria gero (20:00); eta bukatzeko, Arimen Biltzarra (22:30). Parte hartu gura dutenek izena eman behar dute gaurko.