Martxe Arana: "Neure estiloa izan dut beti, eta orain ere bai"

Mirari Altube Arrese 2022ko urr. 14a, 17:30

Eskarmentu handiko margolaria da Donostian bizi den Martxe Arana (Aretxabaleta, 1943). Eta astelehenean erakusketa irekiko du Arkupen. Hamabi bat olio-lan izango ditu ikusgai urriaren 17tik 25era bitartean –astelehenetik egubakoitzera 11:00-13:00 eta 18:00-20:00 eta zapatuan 11:00-13:00–.

Zelako margolanak ekarriko dituzu?

Gehienak paisaiak izango dira. Baina lan berriak ere baditut, pinturarekiko dudan ikuspegia aldatu egin zaidalako, eta halako pare bat ere jarriko ditut.
Hamabi bat izango dira; horie
tatik lau, tamaina handikoak.

Kolorea eta argitasuna duzu gustuko, ezta?

Bai, horiek dira nire lanen ezaugarriak, eta gero, neure erara margotzea. Askotan, ahaztu egiten zait non nagoen ere, eta margotzen dut neuk ikusten dudana, neure buruan dagoena.

Hortaz, paisaia dagoenetan ez duzu eramaten mihisera?

Ez, neure sentimenduak ere islatzen ditut lanean.

Eta udako paisaiak nahiago?

Udak, udazkenak eta udaberriak nahiago ditut, bai, koloreak ditut gustuko eta; neguko tristura ez dut atsegin. Gainera, mendi ingurua kostaldea baino gehiago landu izan dut.

Aretxabaletara lehenengoz ekarriko duzu erakusketa bat?

Ez. Laboral Kutxaren eraikinean jarri nuen nire lehen erakusketa orain dela 40 bat urte, edo, beharbada, gehiago.

Urte asko pasatu dira ordutik; ilusiorik egiten dizu berriro etxera itzultzeak?

Bai, noski! Egia da urduritasun apur bat ere badudala, ingurukoek zorrotzago epaituko ote nauten-edo beldurtxo hori badut.

Diote inor ez dela profeta bere herrian...

Hori diote, bai. Herritarrek zer dioten entzun beharko dut, baina oso pozik nago.

Urte asko daramatzazu pintzel eta mihise artean, ezta?

Bai, bai; oso gazte hasi nintzen, eta nire afizioa eta lana uztartu izan ditut beti.

Horrek bete egiten zaitu?

Noski! Gaur egun ezin naiz bizi margotu barik.

Zein unetan zaude orain?

Momentu onean. Paisaietatik harantzago joan eta beste proba batzuk egiten nabil. Lehen, Arrasaten bizi nintzenean, adibidez, loreak egiten nituen asko, gautxe teknikarekin –inguruan lore asko nituelako edo–, eta gero, paisaietara eboluzionatu nuen. Denbora aurrera doa eta ez naiz lehengoa; hortaz, beste bilakaera bat izaten nabil orain.

Olioarekin moldatzen zara ondo?

Bai, baina akrilikoa baztertu barik, eta, esandako moduan, gautxearekin ere sasoi baten asko ibili nintzen.

Autodidakta zara?

Gaur egun ia ezin dela autodidakta izan uste dut, ikastaro asko egiten ditugulako; horregatik, influentzia asko ditut nik. Gainera, margolanez gain, grabatua eta serigrafia lantzen ditut. Horiek guztiak ikasi egiten dira; hortaz, autodidakta izatea ez da samurra. Hori bai, nik neure estiloa dut, beti izan dut, eta orain ere bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak