Film emanaldiak abendu inguruan iritsiko dira

Mirari Altube Arrese 2022ko urr. 14a, 14:40

Arkupeko Zaraia aretoa hutsik.

Zinema zerbitzuaren esleipena atzeratu egin da eta astelehen honetan argitaratu dute bigarren deialdia; oraingoan epeak estutu egin dituztela azaldu du alkateak, abendurako martxan izateko. EH bilduk eskatu du garaiz abiaraztea halako prozesuak.

Zinema denboraldia azaroan hasi izan bada ere beste urte batzuetan, aurten beranduago iritsiko da hori. Zerbitzuaren lizitazioa hutsik geratu zen irailean, akats bat tarteko, eta astelehenean bigarren deialdia argitaratu zuten. Hala ere, Unai Elkoro alkateak uste du abendurako martxan izango dela.

EH Bilduren eskaera

EH Bilduk salatu du, hain zuzen ere, zinema zerbitzuaren lizitazioa hutsik geratu izana eta horrek dakarren atzerapena; haien esanetan, urtarrilera arte, behintzat, ez da abian izango. Zerbitzuak lizitatu eta kontratatu arteko epea "bi eta hiru hilabete artekoa" izaten dela jakinik, prozesua garaiz abiaraztea oso garrantzitsua dela adierazi dute, azken unera arte itxoin gabe: "Ez dakigu baliabide falta den edo antolaketa falta, baina onartezina da zinema zerbitzua martxan ez jartzea".

Eta gaineratu dute gero eta herritar gehiagoren kexak jasotzen dabiltzala: "Udalaren funtzionamenduaz kexaka datoz, eta zerbait aldatzeko beharra dagoela uste dugu".

Bigarren deialdia, urgentziaz

Lehenengo lizitazioa hutsik geratu izanaren arrazoiak azaldu ditu alkateak: "Irailean zabaldu genituen pleguak zerbitzua esleitzeko asmoarekin eta eskaintza ekonomikoa ez zegoen ondo jasota. Enpresa bakarra aurkeztu zen deialdira eta ez zuen asmatu". Hori bera beste zerbitzu baten esleipenarekin ere gertatu dela gaineratu du.

Horren harira, "lehentasuna" eman diote gaiari, eta astelehenean, urriaren 10ean, bigarren deialdia argitaratu zuten: "Urgentziaz sartu dugu eta epeak estutu egin ditugu, prozesua bizkortzeko". Hala, azaroan ez baina abenduan martxan izatea espero du: "Esleituta egongo da ordurako, seguru, eta abenduan bertan zinema abian izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak