"Pobretutako herrialdeei laguntzea da helburua"

Xabier Urtzelai 2022ko urr. 14a, 18:00
Lasterkideak, iazko edizioan, proba hasi baino apur bat lehenago.

Mundukidek antolatuta, domekan egingo dute lasterketa solidarioaren VII. edizioa. "Mundukide bera sortu zen elkartasun unibertsalaren alde lan egiteko, eta inoiz baino behar handiagoa dago", adierazi zuen aurkezpenean Urri Urizarrek. Egunean bertan eman ahal izango da izena.

Beste urte batez, domekan Urkuluko urtegia konpromiso eta elkartasun urratsez beteko da. Kooperatiben arteko VII. lasterketa solidarioa egingo dute, 11:00etan hasita, baina lehenago bestelako jarduerak ere izango dira; izan ere, aurten, familia osoarendako egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Alegia, zazpigarren edizioak haur eta gazteentzako lasterketak ekarriko ditu berrikuntza moduan. Hala, aurtengo edizioak Mundukidek Brasilen, Kolonbian, Ekuadorren, Mozambiken eta Etiopian zuzentzen dituen lankidetza programak indartzeko helburua izango du.

Hiru modalitate

Hiru modalitatetan parte hartu ahal izango da lasterketa solidarioan: X3 taldekako lasterketa, ibilketa nordiko modalitatean eta oinez burutu ahalko dira Urkuluko ibilbideak dituen 6,3 kilometroak. 10:30ean abiatuko dira ibilketa nordiko modalitatean eta oinez arituko direnak. Bi modalitate hauek publiko guztientzat daude zabalik eta 10 euroko ekarpena egin beharko dute –izena Internetez emateko epea agortu da jada, baina egunean bertan ere izena eman ahalko da, Otalorako prestakuntza-zentroaren aparkalekuan–.

Ordu erdi geroago, berriz, 11:00etan, X3 talde lasterketa abiatuko da. Azken honetan, kooperatiba bakoitzeko hiru kidek osatutako taldeek parte hartuko dute eta emakumezko, gizonezko zein talde mistoak izan daitezke. Haiek ere 10 euroko ekarpena egin beharko dute pertsonako.

Lehenago, gazteen lasterketak

Aurreratu moduan, baina, aurtengo berritasuna da antolatzaileek ahalegina egin dutela bestelako jarduerak ere antolatzen, eta hor etxeko txikiengan jarri dute fokua. Hala, bailarako neska-mutikoen lasterketa gosea asetzeko, propio haientzat izango dute lasterketa bat, adin tarte bakoitzari dagokion distantziara egokituta. 2012-2013an jaiotakoek 500 metro egin beharko dituzte, 2010-2012an jaiotakoek 1.000 metro, 2008-2009an jaiotakoek 1.500 metro eta 2004-2007an jaiotakoek 7.000 metro. Haien lasterketak 10:00etan hasiko dituzte eta izen-ematea doakoa izango da. Egunean bertan, gainera, zuzeneko musika emanaldiak –Markel DJ– izango dira eta UDA elkartearen kantinan jatekoak eta edatekoak izango dira.

Dortsal solidarioa

Domekan Urkulura joan ezin direnek ere ekarpena egin ahal izango dute, dortsal solidarioaren bidez. Mundukide.org-en izena emateko atalean dago dortsal solidarioa erosteko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak