Ainara Urrutia: "Gorbeia Suzien lasterketan jende oso ona utzi dut atzean, niretako erreferente direnak; oso pozik nago"

Xabier Urtzelai 2022ko urr. 14a, 08:45

Ainara Urrutia, Gorbeia Suzieneko helmuga gurutzatzen. Argazkia: Mikel Taboada.

Aretxabaletakoa zazpigarren izan da nazioarte mailako Gorbeia Suzien Skymasters proban, eta emaitza horrekin, zortzigarren amaitu du Munduko Kopako sailkapen orokorrean. Junior mailan –21 kilometro–, berriz, nabarmentzekoa da Antzuolako Ibai Larreak lortutako garaipena. 

Zeanurik Skymasters-etako mendi lasterketa hartu zuen joan den asteburuan, Gorbeia Suzien. Eta bertan, Ainara Urrutiak azpimarratzeko moduko lana egin zuen, sailkapenean zazpigarren helmugaratuta –Onditz Iturberen atzetik euskaldun onena izan zen Urrutia–. "Izugarria izan da, Maite Maioraren eta Oihana Azkorbebeitiaren aurretik helmugaratu izana sekulakoa izan da, oso pozik nago", adierazi zion Aretxabaletakoak GOIENAri. "Hezetasun handia zegoen, zorua labainkor eta lokatz dezente izan genuen. Lehenengo aldia zen 33 kilometroko lasterketa bat egiten nuena [2.500 metroko desnibela], eta ondo kudeatu nituen indarrak. Ez zen inprobisaziorik egon, ondo geneukan dena neurtuta".

Aretxabaletakoak ibilbidearen zati handi bat errepasatu zuen egun batzuk lehenago lasterketan bigarren sailkatu zen Onditz Iturberen ondoan, eta egunean bertan jatekoak eta edatekoak ondo zaindu zituen, baita jarraitu beharreko erritmoa ere: "Distamtzia berria zen niretako, normalean baino luzeago eta gogorragoa eta hor nituen zalantzak. Hiru orduko lanetara nago ohituta, eta Gorbeia Suzien lau ordutako lasterketa bat da. Baina, zorionez, dena joan zen ondo". 

Munduko Kopan hamar onenen artean sailkatu diren talde erretratua.

Gainera, Munduko Txapelketako azken proban batutako puntuei esker, Munduko Kopa bera zortzigarren amaitu zuen euskal selekzioko ordezkariak: "Sekulako urtea izan da, eta badakit emaitza honek aukera emango didala datorren denboraldia hobeto planifikatzeko eta lasterketa gustukoenak aukeratzeko. Izugarri ikasi dut aurten, eta etorkizunean lagungarri izango da".

Ibai Larrea, juniorretan irabazle

Gorbeia Suzieneko hitzordua baliatu zuten, baita ere, junior, gazte eta kadete mailetako Euskadiko Txapelketa jokatzeko. Eta hor, Goierri garaia taldeko atletak ez zuen kontrariorik izan. Junior mailan, 21 kilometrotako lasterketan, Larrea izan zen bi ordutako langatik jaisteko kapaz izan zen bakarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak