Bidaliko dituzten materialen artean daude ospitaleak emandako errehabilitaziorako oheak eta amantalak, eta ALEk bildutako eskolako mahaiak, aulkiak eta maskarak. Mbam herrian abiarazitako proiektura bideratuko dituzte horiek, zabaldu berri duten amatasun unitatera, hain zuzen ere.
Uztailean lehen edukiontzia jaso zuten Senegalen ospitaleko materialarekin, eta orain, bigarren bidalketa egin gura dute. Bidalketa-gastuei aurre egiteko, baina, laguntza eskatu dute; hona hemen bideak: bizuma 05509 eta transferentzia (Laboral Kutxa): ES60 30350002 16 0020077455.
ALEkoen babesa
Yaakar elkarteko hainbat kide Aretxabaleta Lanbide Eskolan izan ziren egubakoitzean proiektuaren nondik norakoak argitzen. Uztail hasieran Senegalera egindako bidaiaren berri eman zieten eta han jasotako irudiekin Goienak egindako erreportajea erakutsi.
ALEko ikasleek hainbat ekintza egingo dituzte dirua batzeko. Gaur, esaterako, astelehenetan egiten den azokan izan dira tentsioa hartzen herritarrei, borondatearen truke.