Herriko pilotariek ekin diote denboraldiari

Koldo Zubia Salas 2022ko urr. 10a, 11:40

Pilota eskolako hainbat jokalari iturrigorri pilotalekuan.

Aretxabaleta kirol elkartearen ardurapeko pilota eskolan 40 eta 50 gaztetxo inguru dabiltza lanean irail hasieratik; adinaren eta mailaren arabera banatuta, astelehenetik eguenera bitartean elkartzen dira Iturrigorri pilotalekuan entrenatzeko.

Dagoeneko hasi dute Aretxabaletako eskupilota eskolan denboraldi berria, eta gaztetxoak "gogotsu" dabiltza entrenatzen eta pilota partiduak jokatzen. Astelehenetik eguenera bitartean izaten dituzte entrenamenduak, Iturrigorri pilotalekuan. Mailaren eta adinaren arabera banatzen dituzte pilotariak, gaztetxo bakoitza astean bi aldiz entrenatu dadin; saioak 16:30etik 19:30era izaten dira, ordu eta erdiko bi taldetan banatuta.

Neska bakarra taldean

Aurreko urteko ume kopuru antzekoarekin jarraitzen dute aurten ere: 40-50 inguru. Hala ere, kadete mailatik aurrera jokalariei eustea kosta egiten dela adierazi dute arduradunek, behin adin horretara iritsita gazteek utzi egiten duelako pilota eskola. Gaur egun neska bakarra dago taldean; horregatik, gehiago anima daitezen nahiko lukete. Azaldu dute gazteak gogotsu entrenatzen dutela egunero, eta taldean giro polita dutela.

Elkarren artean partidak jokatzen dituzte entrenamendu saioetan, baina, poliki-poliki bestelako ariketak egiten ere hasi dira. Aurten, gainera, berrikuntzak egiteko asmoa dute. Bestetik, umeek urte osoan dute pilota partiduak jokatzeko aukera, eta herri mailako txapelketak ere antolatzen dituzte, Andramaixetan egiten den esaterako.

Txapelketak jokatzen hasita

Aritz Zugasti entrenatzaile eta pilotariak dagoeneko hasi du denboraldia eta binakako eta lau eta erdiko txapelketa bana ari da jokatzen aldi berean. 

Aritz Zugasti: "Pilota gure kirola da, bertakoa dena ere defendatu behar dugu"

Aritz Zugasti taldeko pilotaria da, baita entrenatzailea ere.

Uste duzu eskupilota osasuntsu dagoela?

Ez dago guztiz osasuntsu. Ni taldean sartu nintzenetik pilotan aritzen diren umeen kopurua mantentzea lortu dugu, baina, orain urte batzuk jende gehiago ibiltzen zen pilotan herri guztietan.

Zer egingo zenuke egoera hobetzeko?

Ez dakit; futbolean, adibidez, errazagoa da talde giroan jendeari eustea. Pilotan, berriz, bi pertsona behar dira, eta, batzuetan, bakarrik zaude; egoera horrek zaildu egiten du.

Zer mezu bidaliko zenieke gazteei pilotalekura etor daitezen?

Nik sentitzen dudana ez dute denek sentituko, baina gazteei gure kirola dela adierazi nahiko nieke; oso geurea dela, ez mundu osokoa. Eta bertakoa ere defendatu behar dugu.

Gustura zaude orain arte egindako lanarekin?

Bai, benetan gustura nago. Azken lau urteetan hobekuntza nabaritu dut nire pilota mailan.

Nola ikusten duzu denboraldi berria?

Egia esateko ez da oso ondo hasi, baina gogotsu nago zerbait lortzeko. Ikasteko urtea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak