Umeendako antzezlanak irekiko du urriko programazioa Arkupen

Zuriñe Urruela Santidrian 2022ko urr. 6a, 13:14

'Gure kanoa' txotxongilo emanaldiko une bat. (Argazkia: Youtube)

Igandean, Gure kanoa txotxongilo antzezlanak hasiera emango dio urriko kultur egitarauari, eta askotariko ekintzak izango dira hilabetean zehar.

Antzerkia

Urriaren 9an, 17:00etan, Zurrunka antzerki konpainiaren Gure kanoa txotxongilo antzezlanak Senegalen arrantzale familia batean jaiotako Abba haurraren istorioa kontatuko du. 3 eurotan saltzen dira sarrerak Arkupen eta Udalaren webgunean.

Hurrengo antzerki hitzorduan urriaren 23an izango da, 19:00etan, ATX Teatroa, Itzuli eta Punto Gunea konpainiek taularatuko duten Oihana. Sorginen bidea ikuskizunaren eskutik. Eta azkena izango da urriaren 30ean, 19:00etan, Minus urkittua bakarrizketa Telmo Irureta aktore zumaiarrak eskainita. Bi antzezlanetarako sarrerak 5 eurotan saltzen dira Arkupen eta Udalaren webgunean.

Musika

Hipnosia talde bizkaitarrak Ukitu progresibo eta elektronikoak dituen rock alternatiboa eskainiko dute, urriaren 14an, Zaraia aretoko tauletan, 20:00etan. 5 euroren truke daude salgai Arkupen eta Udalaren webgunean.

Ipuin kontaketa

Udal liburutegian, urriaren 19an, 18:00etan, Ines Bengoak 3 eta 5 urte bitarteko haurrei ipuinak kontatuko dizkie. Izen-emateko epea urriaren 10ean irekiko da. 

Ikastaroak

Zirku tailerra, komiki eta marrazketa manga, eta ukenduak egiten ikasteko ikastaroak antolatu dira. Izena emateko aukera dago Arkupen.

Hitzaldiak

Lehenengo hitzaldia, Unai Fernandez Agirre adituak emango du Onddoak biodibertsitatearen giltzarri gisa izenburupean, urriaren 25ean, 19:00etan.

Bigarrena, Amelia Barquin filologo eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak Kultura eta hizkuntza aniztasuna hezkuntzan delako berbaldia eskainiko du, urriaren 26an, 17:30ean. Auzoko programaren barruan antolatu dute hitzaldi hau Udalak eta Loramendi Euskara Elkarteak. 

Martxe Arana margolariaren erakusketa

Martxe Arana artista aretxabaletarraren margolanak urriaren 17tik azaroaren 25era bitartean ikusgai egongo dira.

Kaleko hitzorduak

Urriaren 15ean, Ibilgailu Klasikoen Topaketarekin gozatzeko aukera egongo da Goiena Classic Club-ek antolatuta. 

Hilaren 22an, astebete geroago, txistulari aretxabaletarrek anfitrioi lanak egingo dituzte eskualdeko Txistulari Egunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak