Datorren urteko ordenantza fiskalak izan dituzte mahai gainean EH Bilduko kideek azken asteotan eta horren berri eman gura izan dute. Egungo egoerari erreparatu diote lehenengo: "Inflazioaren itzelezko igoerak nabarmen kaltetu ditu herritarren ongizate maila eta pobretze prozesu batean sartu da gure gizartea", adierazi du Naiara Olabarria zinegotziak, eta gaineratu egoera horrek ez duela berdin eragin herritar guztiengan.
Hori kontuan hartuta bi norabidetan egin dituzte proposamenak. Batetik, zergak eta tasak eguneratzea aipatu dute. Eta bestetik, aldarrikatu dute progresibitatea ezartzea ahalik eta zerga eta tasa gehienetan, hau da, bizikidetza-unitateko diru-sarrerak kontuan hartuta ordaintzea.
Hobariak eta laguntza lerroak
Progresibitatea aplikatuko lukete honako hauetan: eraikuntza instalakuntza eta obren zergetan; kiroldegiaren tasa guztietan –horrez gain, 23 urtetik beherako kuota guztietan %25eko jaitsiera proposatu dute–; eta irakaskuntza berezien tasetan –ludoteka, udalekuak, ikastaroak…–.
Era berean, dirulaguntza lerro bat zabaltzea ere proposatu dute: "Legez horrelako hobariak aplikatu ezin daitezkeen zergentzat, adibidez, Ondasun Higiezinen Zerga", argitu du Ion Albizu bozeramaileak.
Igoera negoziatzeko
Zerga eta tasen eguneratzeari dagokionez Udal gobernuarekin adostuko dutelakoan dago Albizu: "Zenbatekoa izan beharko litzatekeen gobernuarekin edukiko dugun negoziazio markoetarako uzten dugu".