Karmele Igartua Lehiaketa poesiari eskainia izango da aurten

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko ira. 28a, 15:31

Aretxabaletako Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak elkarlanean antolatua, zabalik da honezkero lanak aurkezteko epea. Antolatzaileek jakinarazi dute, gainera, Igartuaren poesia obra osoa liburu bakarrean argitaratuko duela Pamielak abendurako.

Aretxabaletako kultura zinegotzi Ainhoa Caberok, kultura teknikari Imma Miguelek, Bergara Idazle Eskolako zuzendari Tere Irastortzak, eta epaimahai kide Pako Aristik egin dute aurkezpena.

"Esan behar da Karmele Igartua beka honek baduela berezitasun bat, eta da ez dela urtero genero berdina izaten; aldatuz joaten da urtez urte, eta horrek ematen dio beste berezitasun bat. Aurten konbokatzen den beka hau poesiari eskainia dago", azaldu du Aristik.

Idazle berriak bultzatzeko lehiaketa da Karmele Igartua. "Idatzi zituen gidoiak, haurrentzako antzerki asko eskolan munduan, baina bera poeta bezala egin da ezagun, eta ez bakarrik herri mailan baizik eta Euskal Herri mailan, eta bere azken liburua ere Espainiako Poesia Sari Nazionaleko finalista euskalduna izan zen", gaineratu du Bergarako Idazle Eskolako zuzendariak.

Lanak aurkezteko epea zabalik da azaroaren 30era arte. Lehiaketako oinarriak ikusgai egongo dira Idazten.com atarian.

Igartuaren poesia osoa liburu batean

Lehiaketako antolatzaileek jakinarazi dute, gainera, laster egongo dela prest Karmele Igartuaren poesia obra guztia jasotzen duen argitalpena. Pamielak kaleratuko du Aretxabaletako Udalaren eta Idazle Eskolaren laguntzarekin. Durangoko Azokarako prest gura dute liburua. "Bere azken bi poema liburuak Pamiela argitaletxeak argitaratuak izan ziren, baina aurreko poema liburua, batzuetan ohi denez, zailagoa da topatzen. Guretzat poz handia da Karmele Igartuaren obra osoa batera biltzea, eta horretarako ezinbestekoa izan da Aretxabaletako Udalaren konpromisoa", esan du Irastortzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak