Herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzeko, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 3ra bitartean egingo da Euskaraldia, Hitzez ekiteko garaia da lelopean. Hori aitzakiatzat hartuta, astelehenean egingo dute lehen bilera, udaletxe zaharrean, 18:30ean.
Hain justu, egitasmoaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Lehena 2018ko neguan egin zen, eta norbanakoengan jarri zen, batik bat, fokua. Bi urte geroago, berriz, bigarrena egin zen, eta, orduan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, eremu gehiagotara zabaltzeko asmoz, besteak beste.
Euskara helburu duen ariketa kolektibo honen antolakuntzan parte hartu nahi duen herritar orok, beraz, horretarako aukera izango du aste hasierarekin batera.