Ikasturtea hastearekin bat, bazkidetza kanpaina abiatu berri du Kuku Miku guraso elkarteak. Irailaren 28ra arte egongo da izena emateko aukera, eta ostean egingo duten batzarrean erabakiko dute zeintzuk izango diren aurten antolatuko dituzten hitzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak, hala nola gurasoen proposamenetatik abiatuta, Iratxe Arbulo batzordekideak jakinarazi duenez.
Hain justu, 0 eta 6 urte arteko haurren eta gurasoen topagune izatea helburu duen espazio bat da Kuku Miku, eta, Arbulok azaldu duenez, helburu nagusienetako bat "gurasoei gurasotasunean" laguntzea da, baina, horrez gain, baita izan ditzaketen kezkak argitzea eta umeek jolaserako gune bat izatea ere; betiere, euskara bera horien guztien bideratzaile izanik.
Hala, horren berri gehiago izan nahi duenak hilaren 20an izango du horretarako aukera, ate irekiak egingo baitituzte espazioa bertatik bertara ezagutzeko.