Feminismoa liburuen bidez zabaltzea asmo

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko ira. 19a, 12:00

Irakurketa kluba sortu du Erdu talde feministak. Urriaren 6an izango da lehen saioa, eta Anna Freixas idazlearen 'Yo, vieja' da landuko duten liburua. Guztira, bizpahiru saio egingo dituzte, eta eguna gerturatu ahala emango dute horien berri.

Feminismoa herrira zabaltzeko asmoz, irakurketa klub feminista jarri du martxan Erdu talde feministak. Lehen aldiz egingo dute egitasmoa, eta herriko zein inguruetako andreengana iristea dute asmo, Larraitz Arando taldeko kidearen hitzetan. "Soilik emakumeentzat* sortutako espazio bat da, ikuspegi feminista izango duena; hitz egingo dugu, iritziak emango ditugu, hausnartu eta pentsatu".

Horretarako, urriaren 6an egingo dute lehendabiziko saioa, Arkupe kultur etxean, 18:30ean. Euskaraz izango da, baina antolatzaileek jakinarazi dute beste hizkuntza batzuetan komunikatzeko modua ere egongo dela. Batean zein bestean izan, ordea, landu beharreko liburua berbera izango da: Anna Freixas idazle eta unibertsitate irakasle izandakoaren Yo, vieja lana. "Oraindik ere badago zer landua zahartzaroaren eta emakumearen inguruan, zer aldatua, eta gustatuko litzaiguke gai horren gainean herriko emakumeek dutena entzutea".

Are, liburua eskuratzeko interesa duen andre orok horretarako aukera du atxabaltakofeministak@gmail.com helbidera mezu bat bidalita. Elkar trukatzen ari diren papereko formatuz gain, bada digitala eskuratzeko bidea ere.

Hurrengo saioak

Orotara, bizpahiru saio egin nahiko lituzketela azaldu du Arandok, horrela adostua dutela, bederen, eta liburu proposamen batzuk ere eginak dituzte. Baina, dena den, horietara joaten den jendearen araberakoa izango da erabakia, eta orduan emango dute datozenen berri. Hala ere, antolatzaileak aurreratu du dokumental bat ikusiko dutela azaroaren 24an. "Etor dadila jendea, tonu lasaian arituko baikara; afari-merienda bat egingo dugu, giro erlaxatu samarrean, ez akademikoan”.

Liburutegian ere bai

Herriko liburutegiak ere literatur taldeak antolatu ditu, euskaraz eta gazteleraz. Hilero elkartzen dira liburu baten inguruan hitz egiteko, eta izena liburutegian eman behar da. Ikasturte honetan, Mikel Antza idazlearena da euskarazko taldearen gidaritza, eta atzo egin zuten lehen saioa, Leslie Feinberg idazleak idatziriko eta Fermin Zabaltzak itzuliko Mari mutil handi baten blusa liburua landuta. Datorrena urriaren 6an izango da, eta Idoia Garzesek idatzitako Mendiko gaitza da landuko duten lana. Gaztelerazko taldea, berriz, Monika Leivak gidatzen du. Hilaren 21ean egingo dute lehen saioa. Talde guztiak mugatuak dira, eta izena liburutegian eman behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak