Magiari tokia egingo dio, beste behin, Aretxabaletako Udalak, hilaren 14an abiatuko duten Magia Astea izeneko egitarauaren baitan. "Publiko zabalarentzako askotariko ekintzak antolatu ditugu; ikuskizunak eta haurrentzako magia tailerrak, horien artean. Bi tailer izango dira: 7 eta 10 urte bitartekoei zuzendutakoa da bat eta 10 urtetik gorakoendako bigarrena", azaldu du Kultura zinegotzi Ainhoa Caberok.
Hiru mago gonbidatuta
Gasteizen jaiotako Asier Kidam magoa 10 urte zituela hasi zen magiarekin jolasten eta gaur egun bizibide eta pasio du magia. Bartzelonan bizi den Gisell mago perutarraren performanceekin gozatzeko aukera ere izango da datorren astean, eta baita Londreseko Magic Cilcle magia klubeko kide David Blanco ilusionistaren lanak bertatik bertara ikusteko aukera ere.
Hiru mago horien trikimailuak GSR zaharren egoitzan eskainiko dituzte, hasteko, eta kalean eta Arkupe kultura etxean izango dira saio gehiago. "Arkupeko Zaraia aretoan izango diren emanaldietarako sarrerak hiru eurotan izango dira, eta leihatilan zein Aretxabaleta.eus daude eskuragarri".
Egitaraua
Irailak 14, eguaztena
- • 17:00 Hiru magoen saioa zaharren egoitzan.
- • 19:00 Magia poteoa.
Irailak 15, eguena
- • 18:30 Gisell, Arkupen.
Irailak 16, egubakoitza
- • 15:00 Magia tailerra.
- • 16:15 Magia tailerra.
- • 19:00 Kidam, Arkupen.
Irailak 17, zapatua
• 18:30 David Blanco, Herriko Plazan.