Lartaun Iturbe: "Sekretua praktikatzea da, klik asko egitea"

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ira. 12a, 17:55
Lartaun Iturbe, argazki kamera eskuetan duela.

Aretxabaletarrak ateratzen dituen erretratuak oso ikusgarriak dira, eta autodidakta moduan ikasi duela dakien guztia dio. Oraingoan, iriztuei aritu da argazkiak ateratzen.

Abuztuaren 28an ikusi ahal izan ziren iriztuei argazkiak ateratzeko aprobetxatu zuen Lartaun Iturbek, eta horiek sare sozialetan partekatu ditu, etxetik mugitu gabe, erretratu ederrak aterata. Ez da lehenengo aldia izan iriztuei argazkiak ateratzen aritu dena –halakoak erakarrita–, eta emaitza ikusgarria izan da, beste behin.

Gustatzen zaizu iriztuei argazkiak ateratzea?

Etxeko balkoitik ateratzen ditut erretratu hauek. Mugikorrean aplikazio bat dut jaitsita, Radar de tormentas, eta tentu egoten naiz. Ez da broma mendira joatea iriztuei argazkiak ateratzera, mendi puntan harrapatzea ez zitzaidan gustatuko. Mururantza bista polita dut balkoitik, argi gutxi dago, eta egokia da halako argazkiak ateratzeko.

Abuztuaren 28an atera zenituen iriztuen argazkiak. Zein ordutan?

08:30ak aldera atera nituen argazkiak. Euriarekin zailagoa da halako argazkiak ondo ateratzea, obturatzailea zabalik utzi behar duzulako… Euririk ez zebilen, lainoa altu zegoen, eta, beraz, baldintza egokiak ziren. Egun berean, esaterako, 03:00ak aldera esnatu nintzen, baina, ekaitza herrigainean zegoen, behe-lainoa zegoen, euria…, eta argazkia oso argitsua agertzen da modu horretan. Baldintza egokiez gain, sekretua praktikatzea da; tutorialak ikusi eta argazkiak ateratzen, ikasten joan. Argazki kameraren ezaugarri guztiak manualean jarri behar dituzu, gaueko iluntasunarekin ez duelako ondo erreakzionatzen kamerak.

Halakoetan, ekaitza gertu izan behar duzu, beldurrik ez duzu pasatzen?

Errespetua ematen du halako eguraldia dagoenean argazkiak ateratzen ibiltzeak. Ia derrigorrezkoa da tripodea erabiltzea argazkia ateratzeko, eta balkoian kamera tripodean jarrita, ia balkoira ateratzeko beharrik ere ez dut. Urrutiko aginte tresna erabiltzen dut, horretarako, ni etxe barruan egonda.

Beste era bateko argazkiak ere aritzen zara, ezta?

Txirrindularitzan zaletua naiz betidanik, eta horrekin batera, errugbiko partiduetara joatea ere gustatzen zait erretratuak ateratzera. Askotan, mendi lasterketetarako ere deitzen didate argazkiak ateratzeko.

Etxetik mugitu gabe, unea gorde

Urrutira joan barik, etxeko balkoitik atera zuen iriztua Muruko tontorrari jotzen ari den erretratua Iturbek. Iriztuak erretratatzeko baldintza egokiak ezinbestekoak direla azpimarratu arren – gauaren iluntasunean askoz ere ikusgarriagoak dira–, probak eginez eta argazki asko ateratzen ikasi duela unea harrapatzen dio hark.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak