Beste urteetan ez bezala, aurten egun bakarrera murriztu dituzte Tomatearen asteko ekitaldiak, baina beti bezala Durana kaleko azokak ez du hutsik egin. Goizean goizetik, jende ugari bildu da azokan, bertakoak zein kanpotik etorritako jendea izan da. Saltzaileek adierazi dutenez, berehala agortu da ekarri dituzten tomate guztiak eta eguerdirako dena salduta zuten. Azokako izar nagusia tomatea izan arren, bestelako produktuek ere izan dute beraien txokoa. Besteak beste, barazkiak, gazta mota ezberdinak, eztia eta bitxikeria bezala, gluten gabeko postreak ere izan dira. Gainera erosketak egiteaz gain, bezeroek mokadutxo bat jateko aukera ere izan dute hanburgesa pintxoak salgai baitzeuden.
Tomate itsusiena, Jose Lonbiderena
Azokaren barruan tomate itsusienaren lehiaketa ere izan da. Zazpi izan dira parte hartu duten tomateak eta hain zuzen, zazpigarren zenbakia zuenak, Jose Lonbide aretxabaletarrak aurkeztutakoak jaso du tomate itsusienaren saria. 152 boto emaile izan dira eta horien artean ere bi sari zozketatu dira. Aurreko edizioetan, tomate barietate handienaren lehiaketa ere izan da, aurten berriz, ez da inor aurkeztu eta bertan behera utzi behar izan dute lehiaketa.
Ekitaldi horiez gain, Marc Badal-ek ikastaro bat eman du hazia nola ateratzen de erakusteko. Ikusmin handia piztu duen ekitaldia izan da, hona ere jende ugari batu delako eta Badal bera ere oso eskertuta agertu da jendeak emandako erantzunarekin. Nahiz eta aurten egun bakarrera murriztu den tomatearen astea, jendearen erantzuna ikusita gogotsu daude antolatzaileak zazpigarren ediziora begira eta aitortu dute aurtengoa baino mamitsuagoa izatea espero dutela.