Zapatuan ospatuko dute eta honako hau da programa: 11:30ean, bola-txapelketa izango da; 13:00etan, txikiteoa, trikitilariek lagunduta; 14:00etan, gisatu lehiaketaren sari banaketa; 14:30ean, bazkaria Mitarte kalean –Txartelak Orly, Kixkor eta Arlutzen daude salgai, 30 eurotan–, eta bazkalostean, trikitilariak arituko dira girotzen. Egunari amaiera emateko, 18:30ean, Upeide elektrotxaranga arituko da kaleetan zehar.
Beste behin, Elosuko Igor Oruesagasti izango da jana ekarriko duena, eta ez du lan erraza izango aurreikusten diren 150 laguni jaten emateko. "Astakume gazteak jaten dira, 70-80 kilo dituztenak. Asto bakarrarekin 60 lagunendako jana izaten da, eta hiru izango ditugu zapatuan. Hiltegian hilda eta lan guztiak eginda eramango ditugu. Gisatuta, fileteak eta txuletak, eta saiheskia ere pixka bat jango dugu. Beraz, hala moztuta ekarriko digute. Gisatutakoa jateko, aurten, elkarteen arteko txapelketa bat antolatu dugu. Zortzi elkartek eman dute izena eta irabazleak txapela jasoko du. Gainontzekoa, berriz, parrillan egingo dugu."
Jaten duenaren gustuko
Asto-okela sekula jan ez duten asko izaten direla azpimarratu du Oruesagastik, eta beste batzuk, inoiz jango ez luketenak. Hala ere, probatzen duenak gustuko izaten duela dio: "Lehenengo bi edizioetan etorri zirenek errepikatuko egingo dute; izan ere, txahal gazte-gazte baten okela berdina du. Xamur-xamurra da, erraz mozten dena".