Zapatu goizaldeko 5:00ak bueltan larrialdi zerbitzuek Aretxabaletarako bidea hartu zuten, etxe batean sua zegoela eta. Ertzaintzak prentsa ohar bidez azaldu duenez, suhiltzaileak eta polizia patruilak gerturatu ziren ezbeharraren tokira. Etxean zegoen "pertsona bakarra", 45 urteko gizonezko bat, Debagoieneko Ospitalera eraman behar izan zuten, kea arnasteagatik.
"Eraikinean beste inor ez zegoela egiaztatzen ari zirenean", baina, marihuana barne plantazio batekin egin zuten topo larrialdi zerbitzuek. "Epailearen agindua" esku artean, etxea miatzeari ekin zion Ertzaintzak. Besteak beste, 80 marihuana landaretik gora, 100 bat adaxka, landareen hazkuntzarako argi, aireztapen eta erauzketa ekipamendu guztiak, eta kaxa eta poltsetan lehortze fasean zeuden beste hainbat produktu aurkitu zituzten. Horrez gain, "beste substantzia batzuk, pastilak zituzten hainbat pote eta zuriketako makina bat ere" eraman zuten etxetik ertzainek.
"Ebidentzia horien aurrean", eta Debagoieneko Ospitalean artatu ostean, atxilotu egin zuten 45 urteko gizonezkoa.