Irailaren 11n egingo da Tomatearen Azoka berezia

Mirari Altube Arrese 2022ko abu. 7a, 10:10

Seigarrenez antolatu dute Aretxabaletako tomateari eskainitako programa. Iraileko bigarren domekan izango da eta hogei bat erakustokik, gehienak eskualdetik etorritako ekoizleek, osatuko dute hori. Gainera, hilaren 8tik dastatu ahal izango dira bertako tomatearekin egindako pintxoak.

Goiz partean izango dira ekitaldiak Durana kalean. 10:00etan zabalduko dute azoka eta 12:00etan, Haziak atera denon artean. Hazilana tailerra eskainiko du Marc Badal adituak.

Aurten ere egongo da lehiaketa; tomaterik itsusiena eta barietate handiena eskaintzen duen postua sarituko dute.

Gainera, irailaren 8tik 11ra bitartean tomatea izango da herriko hainbat taberna eta jatetxetan dastatu ahalko diren pintxoen osagai nagusia.

Ekimen honen helburua da bertako produktuak oinarri moduan hartuta gastronomia eta turismoa bultzatzea, baita ekitaldiak antolatzea ere, eragile desberdinen lankidetzarekin. Hain zuzen ere, Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Saila, Deba Garaia Landa Garapen Elkartea eta Aretxabaletako Udala dira bultzatzaileak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Lehiaketaren oinarriak

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak honako hauek dira:

  • - Debagoieneko edonork har dezake parte.
  • - Parte hartzeko aurrez izena eman behar da irailaren 8a baino lehen, e-mailez (infoturismo@debagoiena.eus), edo Arkupen.
  • - Irailaren 11n, aurkeztu beharko dira 12:00etan, Durana kalean jarrita egongo den txokoan.
  • - Tomateak ikusgai egongo dira 12:00etatik 14:00etara. Sari banaketa 14:00etan egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak