UDA kirol elkartearen 75. urteurrena aitzakia aproposa izan da Ikazkin Trail antolatzeko. Baina martitzeneko aurkezpen ekitaldian Julen Ezeizak nabarmendu zuen ez dutela edizio bakarra antolatuko, asmoa dela lasterketa urtero egitea. Eta horretarako dituzten osagaien artean dago, bereziki, ibilbidearena: "Horixe nabarmenduko nuke nik, lasterketak izango duen paisaia ikaragarria dela".
Hasteko, Kurtzebarri
Lasterketa Aretxabaletako herrigunean hasiko dute, eta Urkulutik eta Arientzatik pasata lasterkariek Kurtzebarrirako bidea hartuko dute. Hor izango du ibilbideak puntu gorena (1.138 metro), eta handik Degurixa aldera joango dira, Basobaltz zeharkatuta: "Leku oso berezia da Basobaltz, izena apropos jarrita dauka, eta askorendako ez da batere ezaguna. Bat baino gehiago harrituta geratuko da handik pasatzerakoan", dio Julen Ezeizak. Hala, Degurixara jaitsi eta Andarto Txiki inguruetatik pasata, lasterkariek itzulerako bideari ekingo diote, Urkulurantz ostera ere. Hor, Otala Zelaitik pasatuta herrigunera iritsiko dira, 21 kilometro eta 1.200 metroko desnibel positiboa gainditu eta gero.
Sei anoa-postu
Lasterkariek, guztira, sei anoa-postu izango dituzte: Arientzan (3. kilometroa), Kargalekun (7. kilometroa), Degurixan (10. kilometroa), Muñakolatsan (14. kilometroa) eta Urkulun (18. kilometroa). Degurixakoan jatekoak eta edatekoak emango dituzte eta gainontzekoetan edatekoa emango dute. Lasterketan parte hartzeko izen-ematea rockthesport webgunearen bitartez egin behar da (25 euro).