Hiru piloturen hurrengo 'oztopoa', Polonian

Imanol Beloki Unamuno 2022ko uzt. 21a, 09:12
Gorka Merino, Mikel Gimenez eta Alvaro Gimenez pilotuak.

Aretxabaletako Oztopo trialsin taldeko Alvaro eta Mikel Gimenez anaiak eta Gorka Merino Polonian jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkatu dira. Uztailaren 29tik 31ra bitartean jokatuko da, eta esperientzia bizitzeko gogoz daude.

Munduko Txapelketarako sailkatzeko, Espainiako Txapelketako sailkapenean lehenengo bosten artean sailkatu behar izan dute Oztopo trialsin taldeko pilotuek. Ez da lan erraza izan, aurten kategoriaz igo eta nagusiagoekin lehiatu behar izan baitute. Hala ere, Alvaro eta Mikel Gimenez anaiek eta Gorka Merinok lortu dute euren helburua, entrenamenduen konstantziak eta ilusioak bere fruitua eman du, eta, beraz, Trialsineko Munduko Gazteen Txapelketan arituko dira, uztailaren 29tik 31ra bitartean.

Mikel benjaminen kategorian arituko da eta Gorka eta Alvaro, berriz, infantil mailan, lehenengo urtekoen sailean. Bidea ez dela erraza izan adierazi du Aitor Muruak, Oztopo trialsin taldeko entrenatzaileak: "Espainiako Kopan egindako bost lasterketetako lana eta Espainiako Txapelketan –egun bakarrean– egiten den lana hartzen da kontuan Munduko Txapelketarako sailkatzeko. Gazteen sailean eta infantiletan zeuden parte-hartzaileak maila handikoak ziren, eta azkenengo lasterketan erabaki da sailkapena".

Aukera handiekin

Gorkaren eta Alvaroren lehenengo urtea da maila berri batean, nagusiagoekin aritu dira lehiatzen aurten, eta, beraz, esperientzia hartzera eta Munduko Txapelketa bizitzera joango direla Poloniara azpimarratu du Muruak: "Egun ona badute, podiuma lortzeko aukera dute, nahiz eta irabaztea zaila izango duten. Nork daki…".

Poloniako txapelketa

9 eta 16 urte bitarteko gazteentzat prestatutako UCI Trialisn Munduko Gazteen Txapelketa nazioarteko proba bat da, eta bertan arituko dira Oztopo trialsin taldekoak. Wadowice hiri poloniarrean izango da txapelketa, abuztuaren 9tik 11ra bitartean, eta parte-hartzaileek harriz, zuhaitz-enborrez, hormigoizko hodiz eta trenbideko lotailuz osatutako sekzioak izango dituzte erronka gisa.

Hamasei herrialdetako ordezkariak izango dira txapelketan; hain zuzen ere, 158 lehiakide. Horiek UCIren araudi berriaren arabera lehiatuko dira. Erregelamenduen arabera, helburua da gehienezko puntu kopurua jasotzea baimendutako denboran bost ataletan zehar. Kontzeptua sinplea da: gurutzatu ateak oinik edo bizikletaren zatiren bat jarri gabe, gurpilak izan ezik, lurrean 10 puntu bildu, eta gurutzatutako ate bakoitzean. 60 puntu dira puntuaziorik onena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak