50 urteren ostean, elkarrekin ospatu dute orduko garaipena

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko uzt. 16a, 16:07

1972ko uztailaren 16an, duela 50 urte, lortu zuen UDAko taldeak Afizionatu Mailako Espainiako Txapelketan garaipena, Murtzian. Finaleko bigarren partidua izan zen honakoa, aurrekoa uztailaren 9an jokatu zuten, Aretxabaletan. Urteurren borobila ospatu dute gaurkoan herrian, elkartearen 75. urteurrenarekin bat eginez.

Lagun giroan elkartu dira orduko jokalariak eta haien familiak egun seinalatua ospatzeko. Basotxon egin dute hitzordua eta handik komentuko lorategia ikustera jo dute. Jarraian udaletxeko lorategia ere ikusi dute eta bertan talde argazkia atera.

Osoko bilkuren aretoan une hunkigarriak izan dituen ekitaldi xumea egin dute. Aretxabaletako Abesbatzak hainbat kantu eskaini dizkie eta gogoan izan dituzte hil diren jokalariak, entrenatzaileak eta presidentearen emaztea ere.

Oroitzapenetarako ez ezik, txantxetarako tartea ere hartu dute. 150 urte dituen sekuoia ikusi dute udaletxeko lorategian, eta algara artean, azkenean lauren artean lortu dute inguratzea. Duela 50 urte zuten sasoia eta oraingoa ere alderatu dituzte, eta barrezka erantzun diote Santi Idigorasen txantxari: "Jokatu ez dakit, baina korrika... korrika asko egiten genuen e! Orain ez bata, ez bestea!".

Akta originalak

Orain dela 50 urteko akta originalak eskuratu dituzte Federazioan, bi partidutakoak, Aretxabaletan –uztailaren 9an– eta Murtziako La Condominan –uztailaren 16an– jokatutakoak, eta horiek banatu dituzte pergaminoetan egindako kopietan, jokalari bakoitzari bana emanez. Ostean herrian zerbait hartu eta Taberna Berrira jo dute bazkaltzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak