Aisialdi eskaintza zabala izan dute herriko umeek eta nerabeek: udaleku irekiak, Udaero egitasmoa eta UDAko futbol campusa. Eta guztiak daude abian uztailaren 4a ezkerotik.
Udaleku irekietan "ezin gusturago"
Udaleku irekiek batu dituzte neska-mutiko gehien, 320 hain zuzen ere. Eta ederto dihardutela adierazi du horien ardura duen Loratu ekimeneko Ainhoa Sanchez koordinatzaileak: "Aste bero honetan ur-jolasak egin ditugu batez ere eta oso gustura dabiltza. Gurasoek ere halaxe adierazi digute". Sanferminak ere ospatu zituzten joan den astean: "Peñek legez pankarta egin zuten, kalejira, txupinazoa bota eta entzierroa lasterka egin". Datorren astean txangoak egingo dituzte, olinpiadak eta jolasak eta hilaren 22an jaialdi berezia agurtzeko.

Gaztekonkis nerabeek
Nerabeak, ostera, Udaero egitasmoan murgildu dira. Eskoriatzako eta Aretxabaletako gaztelekuek bat egin dute eta irteerak izan dira protagonista bi asteotan; Mutrikun, Usakon eta Urdaibain izan dira, besteak beste. Gaztelekuko kideak pozik agertu dira antolatutako ekitaldiek izandako erantzunarekin eta gaztetxoen artean sortutako giroarekin. Gaur afari-merienda egingo dute gaztelekuan bertan, eta bukatzeko, Gaztekonkis lehiaketan jardungo dute martitzenetik eguenera bitartean.

Futbola eta mendizaletasuna
Futbol zelaiko belarraren aldaketa lanak atzeratu izanak mesede egin dio UDAk antolatutako futbol campusari eta futbolaren bueltako jarduerak lantzen dihardute uztailaren 4a ezkero. "Bigarren aste hau oso beroa izaten dabil, baina, atsedenaldiak eginda eta ondo hidratatzeko ardura hartuta, ekintza guztiak egiten dihardugu", adierazi du Iker Arriola- bengoa koordinatzaileak. Futbola bada ere ardatz, mendizaletasuna sustatzen ere badabiltza: "Kurtzetxikin, Murugainen eta Kurtzebarrin izan gara". Datorren astean, Zubietara joango dira, Realaren instalazioak ikustera, eta bukatzeko, Apotzagan egingo dute azken festa.
