Orain dela 50 urte lortutako garaipena oroitzeko eguna dute zapatuan

Mirari Altube Arrese 2022ko uzt. 14a, 07:31

Espainiako txapeldunak izandako jokalariak senideekin maiatzaren 23an, UDAk eskainitako omenaldian.

Afizionatu mailako Espainiako Txapelketa irabazi zuen 1972ko uztailaren 16an, Murtzian, UDAko taldeak eta orduko jokalari gehienak elkartuko dira zapatuan hura oroitzeko.

Finaleko bigarren partidua jokatu eta Afizionatu Mailako Espainiako Txapelketa irabazi zuen egun berean, elkartuko da 50 urte geroago orduko UDAko taldea. Maiatzaren 23an, elkartearen 75. urteurrenaren baitan, omendu zituzten jokalariak eta presidentea dira, hain zuzen ere.

Udaletxera bisita eta bazkaria

Basotxon egin dute hitzordua eta handik komentuko lorategira joango dira kanpotik datozenei erakusteko. Udaletxera joko dute gero, baita talde argazkia atera ere. Osoko bilkuren aretoan Aretxabaleta Abesbatzak hainbat kantu eskainiko dizkie, hil diren jokalariak, entrenatzailea eta presidentearen emaztea gogoan.

Opariak ere banatuko dizkiete. "Orain dela 50 urteko akta originalak eskuratu ditugu federazioan, bi partidutakoak, Aretxabaletan zein Murtziako La Condominan jokatutakoak. Pergaminoetan kopiatu ditugu eta jokalari bakoitzak bana jasoko du", adierazi du Joxe Migel Uribarren jokalari ohiak. Gero Taberna Berrin bazkalduko dute. Bizirik dauden bi faltako dira –Camara eta Mayora– baina gainerakoek agertu dute elkartzeko asmoa, baita hildako hiru kideen senideek ere.

Urteurren hura gogoan uztail hasieran urtero elkartu izan direla argitu du Uribarrenek: "Gutxienez azken 25 urteotan esango nuke. Baina aurten berezia izango da, kasualitate asko batu dira eta: partiduaren eguna bera zapatua izatea, urteurren borobila betetzea, La Condominan zegoen beroa iragarrita egotea, udaletxera bisitan joatea… Guztiak du lotura".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak