Txistularien kalejirarekin ekin zioten ospakizunari joan den zapatuan. "Antolatzaileok horien atzetik joan ginen banderarekin eta herritarrek txalo egin ziguten. Hortaz, hasiera benetan polita izan zuen egunak", azaldu du antolatzaile taldeko kide den La Calva-k. Ondoren, karropoteoa etorri zen eta hor ere giro polita sortu zela gaineratu du.
Ospakizunak herri-bazkariarekin jarraitu zuen: "Bero egin arren, jatekoa sekulakoa zegoen eta oso ondo pasatu genuen. Aldarrikapen ekitaldiez harantzago joanda elkarrekin egoteko tartea izan genuen eta hori ere benetan polita izan zen".
Arratsalde parteko karaokeak "jendetza" batu zuen Mitarte kalean. "Kantuan egin bakarrik ez, une horretan norberak bere aldarrikapenak ere bota zituen. Eguneko unerik hunkigarriena izan zen: abesten, herritar mordoa inguruan, txaloka… Orduan sentitu nuen merezi dugun LGTBIQ+ komunitatea dugula Aretxabaletan".
Datorren urtekoari begira
Lehenengoz antolatutako jaiak izandako arrakasta ikusita hurrengoari begira jarri dira. "Datorren urtekoa lantzen laster hasiko gara, jende gehiago sartzeko antolatze lanetan eta Udalarekin elkarlanean. Aurtengoak hasiera puntua izan gura du aurrera begira gehiago egiteko eta Aretxabaletako LGTBIQ+ komunitateak bere lekua izan dezan urte guztian".