Eskuz binakako hainbat final jokatu zituzten. Infantilei dagokienez, bi kategorietan galdu egin zuten aretxabaletarrek. Bigarren mailako infantilen kasuan Oñatiko Errastik eta Rodriguezek osatutako bikoteak hartu zituen mendean Arana eta Beitia: 18 eta 13. Eta lehenengo mailan, Vallek eta Gonzalezek 10 eta 18 galdu zuten Azkoitiko Carbaleda eta Bastidaren aurka.
Etxeko kimuek elkarren aurka jokatu zuten, eta Alarziak eta Ibabek irabazi egin zieten Ahsan eta Errastiri: 16 eta 6.
Lau eta erdian garaile
Lau eta erdian, ostera, garaipenak iritsi ziren. Bigarren mailako gazteen artean, Josu Barandiaranek irabazi egin zion Ander Balerdi amezketarrari: 22 eta 18.
Eta senior mailan, UDAko Aritz Zugasti eskoriatzarrak mendean hartu zuen Jakes Elosegi azpeitiarra: 22 eta 21. Juan Mari Errasti entrenatzaileak adierazi zuen "partidu gogorra" jokatuta lortu zuela garaipena.
