Senegalgo Mbam herrira abiatu dira gaur, egubakoitza, sei aretxabaletar. Amatasun-kontsulta eraiki dute han, Yaakar elkarteak abian jarritako proiektu bati esker, eta hura bertatik bertara ezagutzea da asmoa uztailaren 7ra bitartean.
Eraikina bukatuta dago. "Orain, erditze-osteko gela bat egin gura dugu. Eta noski, beste gauza asko daude egiteko", adierazi du taldeko kide Amalia Ormaetxeak. Horretarako, dirulaguntza eskaerak eginda dituzte Aretxabaletako eta Bergarako udaletan, eta erantzunaren zain daude.
Era berean, hango emakume taldearekin ere egon gura dute, haien beharrak zeintzuk diren ezagutzeko. "Badakigu elkartzeko eta trebakuntza saioak jasotzeko txoko bat gura dutela", dio, eta gaineratu du: "Hori, baina, proiektu handiago baten baitan kokatzen da, eta handik bueltan jakingo dugu zelan heldu".
Ospitaleko materiala, bidean
Bestetik, Debagoieneko Ospitaleak materiala eman dio elkar- teari hara bidaltzeko –oheak, mahaitxoak, besaulkiak, ekografiak egiteko makina eta beste hainbat altzari eta babes-material–, eta oso eskertuta agertu da Ormaetxea: "Material asko jaso dugu dohaintzan eta oso pozik gaude. Hara bidaltzeko orduan gorabehera batzuk izan ditugu, baina dagoeneko bidean da guztia; uztailaren 15aren bueltan iritsiko dela uste dugu".