Musikak, dantzek eta antzezlanek beteko dituzte kaleak uztailean

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 30a, 15:12

Aretxabaleta, Eskoriatza eta Arrasateko gazteekin osatutako Nhil taldeko kideak. (Argazkia: Nhil)

Kilimak, Batuketa Batucada, KI DJa, Amak eta Nhil taldeek kontzertuak eskainiko dituzte, Deabruak konpainiak piroteknia ikuskizuna eta Kukaik dantza emanaldia; Hortzmuga Teatroa konpainia eta Zirika Zirkus taldea, ostera, antzerkirako gonbidapenarekin etorriko dira.

Kaleko kultura eskaintzari egin izan dio lekua, uztailean, Udaleko Kultura Sailak, eta aurten, bederatzi ekitaldi dituen egitaraua gertatu du, musikari leku handia eginda.

Hernaniko Kilimak taldeak emango dio hasiera domekan, uztailaren 3an, eta runba doinuekin beteko du Herriko Plaza. Euskal Herriko runba izeneko diskoko Gatza, Errutinaren tranpa eta Soledad abestiak eskainiko ditu, besteak beste.

Batukada doinuak ere entzungo dira herriko kaleetan, Gasteizko Batuketa Batucada taldearen eskutik, hilaren 15ean, eta egun bat geroago, KI DJak Durana kalea girotuko du. Amak taldeak, ostera, trikiti doinuak ekarriko ditu; lau emakumek osatutako taldeak doinu dantza- garriak eta lasaiak uztartuko ditu.

Herrikoek ere izango dute lekua: Asel Errasti, Xabi Zuazabeitia, Aitor Ruiz de Austri, Sara Alonso, Beñat Arrieta eta Lia Garai gazteek osatutako Nhil taldeak hilaren 22an aurkeztuko ditu disko berriko kantuak Santa Ritako lorategian.

Piroteknia ikuskizuna

Antzerkiari dagokionez, Hortzmuga konpainiak Bidearen amaieran eskainiko du; seme baten eta alzheimerra duen aitaren arteko bizipenak kontatuko ditu, umorearekin eta emozioz. Zirika Zirkusek, ostera, Hemendikara familia giroan ikusteko ikuskizuna ekarriko du eta Lekittoko Deabruak taldeak piroteknia ikuskizun ibiltaria egingo du Portasolgo jaien barruan: Deabruak gara, soms diables. Kukai dantza taldea Cesc Gelabert koreografo katalanaren laguntzarekin ekoiztutako Gelajauziak lanarekin etorriko da; herri dantzetan jarri dute fokua eta Nestor Basterretxearen Akelarre eskulturaren inguruan eraikitako ikuskizuna da.

Egitaraua

Uztailak 3

  • • 19:30 Kilimak taldearen kontzertua; Herriko Plaza.

Uztailak 6

  • • 19:00 Hortzmuga Teatroa konpainia: Bidearen amaieran; Durana.

Uztailak 13

  • • 19:00 Zirika Zirkus: antzerkia; plaza.

Uztailak 15

  • • 19:30 Batuketa Batucada; Gipuzkoa plaza. BERTAN BEHERA.
  • • 22:30 Lekittoko Deabruak konpainia: Deabruak gara, soms diables piroteknia; kiroldegiko berdegunetik abiatuta.

Uztailak 16

  • • 19:00 KI DJaren kontzertua; Durana kalea.

Uztailak 17

  • • 19:30 Amak taldearen kontzertua; Herriko Plaza.

Uztailak 20

  • • 19:30 Kukai dantza taldea: Gelajauziak; Herriko Plaza.

Uztailak 22

  • • 19:00 Nhil taldearen kontzertua; Santa Ritako lorategia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak