Etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzen laguntzeko kapsula jarri dute gaur Aretxabaletako Herriko Plazan

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 22a, 12:46

Etorkizuna eraikiz kapsula etorri da gaur Aretxabaletara. Bertan, 2040ko Gipuzkoa eraikitzeko proposamenak jaso eta bilduko dira arratsaldeko zazpiak arte. Kapsula Herriko Plazan dago.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2040ko Gipuzkoako etorkizuna eraikitzeko proposamenak jasotzeko helburua duen kapsula ekarri du gaur Aretxabaletara. Etorkizuna eraikiz programaren hirugarren fasearen barruan, lurraldeko hainbat herritan kokatu da kapsula egun batez. Gaur, Aretxabaletako Herriko Plazara iritsi da kapsula, aretxabaletarren proposamenak jasotzeko.

Kapsula Eider Mendoza Aldundiko Gobernantza diputatuak erakutsi dio Unai Elkoro Aretxabaletako alkateari. Bertan, Mendozak kapsularen funtzionamendua azaldu du. Gipuzkoako balioak irudikatuz, etorkizuna bermatuko duten proiektu proposamenak egin ahal izango dira. Balio horien artean daude langile berdintasuna –langileen %47,4 emakumezkoak dira–, euskalduntasuna –gazteon %89k euskaraz dakite– eta ikasketa maila –gazteen %66k goi-mailako ikasketak dituzte–.

Beste helburu bat, Gipuzkoa Europako lurralde berdintsuenen artean kokatzea da, eta horretarako ezinbestekoa da langile berdintasun hori mantendu eta hobetzea.

Mendozak adierazi duenez, "gaur egun lurraldea nolakoa den kontatzen duen kapsula da, zer proiektu sozial betetzen diren erakusten duena". Proiektu eta erakunde sozial horien artean, honako hauek daude: MUBIL –Mugikortasun Berriko Poloaren epizentroa–, Naturklima –klima aldaketaren Gipuzkoako fundazioa–, Adinberri –adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten duen zentroa–, ZIUR –zibersegurtasun industrialaren garapen zentroa–, Arantzazulab –herritarren topagunea den gizarte berrikuntza laborategia–, 2DEO –euskarazko edukien ikus-entzunezko laborategia– eta LABE –gastronomia maila digitalera berritzeko gunea–.

Unai Elkoro alkateak adierazi du, gainera, etorkizuneko Aretxabaletaren diseinuan gizartearen parte-hartzea kontuan edukitzen ari dela Udal Gobernua: "Hiri Antolamendu Planaren barruan, prozesu bat egin berri dugu herritarrek erabaki dezaten nola osatu kiroldegiko berdegunearen erabilerak".

Esan bezala, arratsaldeko zazpiak arte egin ahalko dira proposamenak eta informazioa eskuratu ahal izango da Aretxabaletako Herriko Plazan ordura arte kokatuta egongo den kapsulan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak