Herritarren ekarpenak jasotzera etorriko da Etorkizuna Eraikiz kapsula Aretxabaletara

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 21a, 13:09
Etorkizuna Eraikiz kapsula. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz kapsula Aretxabaletan izango da bihar, ekainak 22, egun osoan (10:00-19:00), Herriko Plazan. Eider Mendoza, gobernantza diputatua, etorriko da eta Unai Elkoro alkatearekin batera, herritarrak kapsularen ekimenean parte hartzera gonbidatuko ditu.

Herririk herri dabil kapsula hori Gipuzkoa 2040 urtean nola irudikatzen duten gipuzkoarrek jasotzen, "lan-ildoak identifikatu ahal izateko eta interes sozialak agenda publikoan txertatzeko". Herritarrek ekarpenak eta proposamenak egin ahal izango dituzte eta ideiak eta kezkak erakutsi modu interaktiboan planteatutako partaidetza-dinamika bati esker.

Ekarpenak egitearen truke loreontzi txiki bat eta hazi batzuk jasoko dituzte; horiek lurperatu ondoren landare bihurtuko dira: "Herritarrek lurraldearen etorkizunarekin duten konpromisoaren garrantziaz ohartzeko ariketa da hau, eta bakoitzaren lanak ematen dituela sinbolizatzeko modu bat".

Dagoeneko 24 herritan

Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan dagoen gobernantza kolaboratiboa sustatzeko asmoz sortutako ekimen parte-hartzailea da. Dagoeneko 24 herri eta lau unibertsitate bisitatu ditu, eta 3.500 ekarpenetik gora jaso dituztela jakinarazi dute. Herritarren laguntza garrantzitsutzat jo dute "lehentasunak zehazteko, proiektu eta politika publikoak antolatzeko eta kudeaketa hobetzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak