Bueltan da Neallta Fola, sarraskirako dei eginaz

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 17a, 08:31
Kanutillo, Karlote eta Morenito Aretxabaletako kuartelean. Argazkia: Beñat Abasolo

Neallta Fola taldeak zuzenekoak alde batera utzita zituen arren, zenbait kontzertu eskaini ditu azkenaldian, eta punk-zaleak zoratzen daude. Bi tabernatan emanaldiak egin ondoren, azkenengo kontzertua Ekinez jaialdian izan zuten, Bergaran.

Gorka Uriarte Kanutillo-k, Karlos Lopez Karlote-k eta Gorka Iturbek sortu zuten Neallta Fola Aretxabaletako musika taldea 2005ean. Urte batzuen ostean, bateria-jotzailea aldatu zuten, Gorka Iturbek taldea utzita, eta Ander Moreno Morenito batu zen Nealltara. Gaelikoz nealta hitzak lainoa esan nahi du, eta fola hitzak, berriz, odola, baina hitzak elkartuta sarraski deia esan nahi du, eta, lozorroan zortzi urte egon ostean, berriro hasi dira eszenatokian garrasi egiten eta punk doinuak uztartuz nortasun propioa duten kantak eskaintzen. Gogoz daude, eta bueltatu direnetik eskaini dituzten hiru emanaldiekin ilusioz daude; batez ere, zaleen erantzuna zein den ikusi ostean.

Gaelikoz nealta hitzak lainoa esan nahi du, eta fola hitzak, berriz, odola, baina hitzak elkartuta sarraski deia esan nahi du

Bueltatzeko arrazoia

Musika talde guztien moduan hasi zutela beraien ibilbidea adierazi du Neallta Fola taldeko Karlos Lopez musikariak: "Ezinegon bat genuen, eta hirukote formatuan lokalean ordu mordoa sartzen hasi ginen, kantuak ateratzen… 2008an grabatu genuen Iraultza, gure lehenengo diskoa, eta ordurako zenbait kontzertu genituen eskainita. 2010. urtera arte aritu zen gurekin Gorka Iturbe, bateria jotzen, eta gero, haren ordez sartu zen Morenito taldera. Hala ere, 2014. urtearen hasieran, taldea geratu genuen, eta, zortzi urteren ostean, aurten, bueltatzeko pisuzko arrazoi bat aurrean jarrita, berriz hasi gara. Zoritxarrez, Josu Azkarate Ostiada Oi! taldeko musikari elgetarra auto istripu batean hil zen, eta irailean Elgetan bertan egingo den omenaldi kontzertuan parte hartzeko animatu gara, taldea utzi genuen unera bueltatu eta berrekinez. Hori horrela, egunerako prestatuta egoteko zenbait emanaldi eskaini ditugu".

Irailaren 3an Elgetan egingo den kontzertu-omenaldirako bueltatu da taldea

Itzulera hobezina

Irailaren 3an Elgetan egingo den ekitaldia ondo prestatzeko asmoz, Bergarako Arrano tabernan eta Aretxabaletako Kixkor tabernan sorpresaz eskaini dituzte kontzertuak. "Eszenatokietara itzulera modu horretan egin nahi genuen, pixka bat isilpean, publikoarekin berriro elkartzeko, apurka-apurka. Tabernetako eszenatoki txikietako sentsazioa lortu nahi genuen, eta abisatu barik egin genituen kontzertu horiek. Sekulako emanaldiak izan dira, eta horren ostean etorri da Bergarako Ekinez jaialdia. Azken honetan, Bergarako Agorrosin futbol zelaian jarritako oholtzan jotzea izugarria izan zen. Jendetza batu zen, eta bertaratu zirenak gure abestiak kantatzen ikustea eta entzutea bezalakorik ez dago, sekulakoa izan da".

Neallta Fola taldeko kideak lokalean entseatzen. Argazkia: Beñat Abasolo

Hori horrela, Neallta Fola taldearen itzulerak hautsak harrotu ditu, eta, beraien musikaren zaleez gain, taldekideak ere ilusioz daude: "Oso gustura gaude izan dugun harrerarekin, gogotsu gaude, eta urte askoren ostean proiektu hau berriro hartzea ilusioz hartu dugu. Gainera, jendearen erantzuna halakoa izanda, ezin dugu gehiagorik eskatu".

Errepertorio aparta

Zinez ezagunak dira Neallta Fola taldearen jarraitzaileen artean Itxaropen arnasa, Putakumea, Guda, Barneko itzalak eta Hunters in Medellin abestiak, eta diskoko kantuak, bertsioren bat eta kantu berriren bat edo beste eskaini dituztela adierazi du Lopezek: "Aurtengo uda zukutzea da gure asmoa. Ekainean eta uztailean kontzertuak ditugu, irailean ere baditugu zenbait emanaldi, eta, urrian bi emanaldi eskaini ostean, geratu egingo dugu udako bira. Hortik aurrera ez dugu asmo zehatzik, baina, aurten lotuta ditugun emanaldiez gain, ez ditugu kontzertu gehiago lotuko. Ikusiko dugu…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak