Santakurtz kaleko zati batzuk astelehenean zabalduko dituzte ibilgailuendako

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 16a, 15:48

Lehen bi faseetako lan gehienak bukatuta daude, eta astelehenean ibilgailuendako irekiko dute Iparragirre kalearen hasieraren eta kuartelaren aurrealdeko erdi-biribilgunearen arteko tartea, Amets tabernaren albotik gorantz sartuta.

Urtarrilean hasi zituzten Santakurtz kalea berrurbanizatzeko lanak aurrera doaz. Erremate batzuk falta badira ere lehen bi faseetako obra gehienak bukatuta daudela jakinarazi dute Udaletik, eta astelehenean, ekainaren 20an, zabalduko dute ibilgailuendako Iparragirre kalearen hasieraren –iparraldea– eta kuartelaren ondoko erdi-biribilgunearen arteko bidea.

Amets taberna dagoen kaletik izango du sarbidea. Zati horretan, zirkulazioaren noranzkoa goranzkoa izango da, Otalora kaletik sartuta, bizilagunen "mugikortasuna ahalbidetzeko" eta aparkatzeko aukera izateko. Hirugarren fasea hastear da Hornidura eta Saneamendu Plan Bereziaren barruko lanak dira, eta orain, hirugarren faseari ekingo diote: Iparragirre kaletik –iparraldea– Sarasateraino –hegoaldea–. Zati hori itxita izango da, baina Sarasate hegoaldetik, Exprex taberna albotik, beherako zirkulazioaren noranzkoa mantenduko da –Kurtzebarri eskolako eraikinetik Otalora kalera joateko– . Hirugarren faseko lan horiek udazken arte iraungo dute, eta orduan ekingo diete hurrengoei. Laugarrenean helduko diote Exprex tabernatik Otalora kale arteko tarteari, eta bosgarrenean, Kurtzebarri eskolako eraikinaren bueltari.

Saneamendu sareak ordezkatu

Santakurtz kaleko lanen ardu- ra Sasoi Eraikuntzak enpresak du; Aretxabaletako Udalak hari esleitu zizkion, 2.042.500 eurotan. Berrurbanizatuko duten tartea osoa Kurtzebarri eskolako eraikinetik herriko sarreran dagoen erdi-biribilguneraino doa –baita Santakurtz alboko kaleak ere– eta bost fasetan banatuta egitea erabaki zuten bizilagunei traba gehiegi ez sortzeko. Lanon helburu nagusia da hornidura eta saneamendu sareak ordezkatzea, eta horrekin batera kalea berritzea: argiteria sareak eguneratuko dira led argi berriak jarrita, telekomunikazio instalazioak aldatu eta hiri-altzari berriak jarri. Espaloiek gutxienez bi metroko zabalera izango dute eta bidegorriak bere ibilbidea jarraituko du erdi-biribilguneraino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak