Migel Elorzak jarraituko du Basotxoko presidente izaten

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 11a, 09:30

Basotxoko zuzendaritza batzordeko hainbat kide, Migel Elorza presidentea eskuinaldean dela.

Zuzendaritza batzordea berritu dute erretiratuek eta "lanerako gogotsu" agertu dira sartu diren kideak. Ildo horretatik, datozen asteetan jarduera berri bat jarriko dute abian, pertsonen arteko harremanak sustatzeko helburuarekin.

Ia 900 bazkide dituen erretiratuen elkarteak batzar orokorra egin du, eta zuzendaritza batzordea berritu; diru-kontuak ere onartu dituzte eta aurtengo jarduerak iragarri: helburua da pandemia sasoian bertan behera utzitakoak berreskuratzea; 90 urtekoei omenaldia, esaterako.

Lanerako "gogoz"

Batzordean zuten ardurari agur esan diote hiru lagunek –Aitor Alberdi, Vicente Vicario eta Luis Unamuno– eta horien ordez beste hiru sartu dira. Hortaz, honako kide hauek osatzen dute orain zuzendaritza: Migel Elorza, presidentea; Kontxi Romano, presidenteordea; Ramiro Gomez, diruzaina; Jose Ramon Prieto, idazkaria; Pedro Etxebarria eta Juan Tomas Zabala, Aretxabaleta Lagunkoiaren arduraduna eta Agijupenseko ordezkaria; Emilio Inda, hitzaldien antolatzailea; Mari Carmen Corres, komunikazio arduraduna; Nieves Gonzalez, bidaien arduraduna; eta Juan Cruz Diez, kultura eta jai kontuen antolatzailea.

Elorza presidentea pozik agertu da kide berriak –Prieto, Zabala eta Diez– "lanerako eta ekimen berriak abian jartzeko gogoz" sartu direlako. Gainera, erabaki garrantzitsua hartu beharko dute datozen asteetan: Basotxoren eraikinean lanak hasten dituztenean elkartearen egoitza non kokatu.

Zuzendaritzan sartu direnen eta irten direnen arteko bazkaria, hainbat udal ordezkarirekin batera, ekainaren 22an egingo dute.

Harremanak sustatzea helburu

Jarduera berri bat jarri gura du abian zuzendaritza batzordeak datozen asteetan. Ariketa fisikoa egin eta elkarren arteko harremanak sustatuko ditu horrek eta Atxabalta Mugi ekimeneko aditu baten laguntza izango dute horretarako. Zuzendaritzaren asmoa da astean behin Basotxon elkartzea kafea hartzeko (10:00); ondoren (10:30), arnas ariketak egitea komentuko lorategian; eta bukatutakoan, paseoan jar- dutea ibaiaren ertzean (11:00). Interesa duenak aldez aurretik eman behar du izena Basotxoko bulegoan –astelehenetik egubakoitzera, 11:00etatik 12:00etara–, ekainaren 23a baino lehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak