Hiru proiekturen artean hautatzeko epea, zabalik astelehenetik

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 10a, 08:07

Unai Elkoro alkatea, Ibai Larrabe arkitektoa eta Koldo Zubillaga zinegotzia proiektuak aurkezten.

Ibarra kiroldegiaren aurrealdeko berdegunean zer egin erabakitzeko prozesuaren baitan zehaztu dituzte hiru proposamenak. Ekainaren 13tik 17ra bitartean botoa emateko aukera izango dute 6 urtetik gorako herritarrek, Arkupen edo online.

Maiatzaren 12an hasitako parte-hartze prozesuaren xehetasunak eman dituzte Unai Elkoro alkateak, Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak eta Ibai Larrabe udal arkitektoak, eta datorren asteko bozketa iragarri. Bilera hartan parte hartutako herritarrek as- kotariko aukerak proposatu zituzten. "Proposamen horiek ikuspuntu teknikotik aztertu dira, bideragarritasuna ebaluatuz eta hiru aukera posibletan egokituz", azaldu du alkateak. Zubillagak gogoratu gura izan du 2021eko aurrekontuetan jaso zutela parte-hartze prozesu hori, baina atzeratu egin behar izan zutela, "pandemiak aurrekontuak berrantolatzera eta lehentasunak ezartzea behartu zuelako". Aurten, proiektuari heldu gura izan diote: "Parte-hartze prozesu berri baten barruan, aisialdiaz eta kirolaz gozatzeko espazio honen erabilerak nola osatu adosteko".

Gaineratu du bozketaren emaitzak zehaztuko dituela ondorengo pausoak: "Emaitza jakin arte itxaron beharko da exeku- zio-epeen estimazioa egin ahal izateko, alternatiba bakoitzaren dimentsioa eta kostua ezberdinak dira eta".

Hiru aukera

Hiru proposamenen artetik bakarra hautatu beharko da. Lehenengoan proposatu dituzte berdegunean egokitzea zuhaiztia, ur-jolasak, mahaiak eta lasai egoteko lekua; kirol ekipamendu txikiak ere sartu dira: kalistenia, ping-ponga eta mahai-jokoak.

Bigarrenean, kirolari eman diote lehentasuna, honako hauek jarrita: kirol askotariko pista ireki bat eta beste bat estalia, ping-pong mahaiak, kalistenia, minibasket kantxa bat eta padel pista estaliak.

Eta hirugarrenean planteatu dute lasai egoteko gune bat egokitzea berdegunean, zuhaitzekin, mahaiekin, ur-jolasekin eta kirol ekipamendu txikiekin. Eta, era berean, Markole auzoaren inguru hori oinezkoentzat egokitzea proposatu da; hala, padelerako edo beste kirol modalitate batzuetarako ekipamendu estaliak kokatu ahal izango dira futbol zelaiaren ondoan –zirkulazioarendako itxita eta aparkalekuak kenduta–.

Astebete botoa emateko

Botoa emateko epea zabalik izango da ekainaren 13tik 17ra bitartean. 6 urtetik gorakoek –2016an jaiotakoak barne– bozkatu ahal izango dute –Aretxabaletan erroldatutakoak–. Arkupen eman ahal izango da botoa, edo online –lotura, aretxabaleta.eus webgunean–, norberaren datuak beteta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak