Urteurrena borobiltzera datorren festa zapatuan

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 2a, 16:58

Jai giroa sortu gura du UDAk herriko kaleetan 75 urteko ibilbidea ospatzeko, eta ekitaldiz betetako egitaraua gertatu du: txapelketak, paella-jana eta txahal-mokadutxoak, kuadrillen arteko jokoak eta Gozategi taldearen kontzertua izango dira, besteak beste.

75. urteurrenaren pastela izango da zapatuko UDA Festa. Hala adierazi du Ainara Muga kudeatzaileak, antolatze lanetan diharduen taldearen izenean: "UDA herri guztiak egindako lanaren emaitza da. Horregatik, gure asmoa da zelaitik atera eta herrira gerturatzea, herritar guztiekin batera ospatzeko". Eguraldia edozein izanda ere Herriko Plaza izango dela gune nagusia berretsi dute, eta jatekoak –herriko sukaldariek kozinatutako paella erraldoia eta txahal-mokadutxoak–, jokoek –kuadrillen artekoek eta mus txapelketak– eta Gozategiren kontzertuak bat egingo dute han.

"Zelaitik atera eta herrira gerturatzea da asmoa, herritar guztiekin batera ospatzeko"

Kirolari dagokionez, Ointxe saskibaloi elkartearekin batera hiruko txapelketa jokatuko da eta dagoeneko hamabi taldek emana dute izena –egunean bertan ere eman daiteke–; Mitarteko kantxan izango dira partiduak. Gaztetxoek –2010 eta 2011 artean jaiotakoak–, ostera, street futbola izango dute Kurtzebarri eskolako kantxan. Elkarteak dei berezia egin die herritarrei UDAren koloreekin apain ditzaten leihoak, balkoiak eta komertzioak egunotan.

Hona hemen egiraraua osorik:

  • • 10:00 Etxafuego jaurtiketa.
  • • 10:30 Saskibaloia: 3x3 Ointxe txapelketa; Mitarteko kantxan.
  • • 10:30 Street futbola gaztetxoendako; Kurtzebarriko kantxan.
  • • 12:00 Erraldoiak eta buruhandiak, Arrasateko gaitariekin.
  • • 14:00 Paella erraldoia eta txahal-mokadutxoa; Herriko Plazan.
  • • 16:00 Mus txapelketa; Orlyk antolatuta.
  • • 16:00 Kuadrillen arteko jokoak; Loraturekin.
  • • 20:00 Gozategi taldearen kontzertua.

Erakusketa astelehena ezkero

Bestetik, 75 urteko ibilbidea jasotzen duten argazkiak ikusgai jarriko dituzte Arkupen. Erakusketa digitala izango da –telebista bidez– eta astelehenetik –hilaren 6a– 30era bitartean izango da zabalik: "Elkartearen historiari errepaso ona emango diogu argazki zaharrekin zein berriekin", dio. Izan ere, argazki asko jaso dituztela jakinarazi du Mugak: "Argazkiak biltzeko ahalegina egin dugu eta baten batek albuma ere eman digu dohaintzan. Horiek osatu ditugu guk ditugunekin". Ekaitz Zilarmendik izan du horiek guztiak antolatzeko ardura.

"Pozik" orain artekoarekin

75. urteurrenari eskainitako urtea aurrera doa, eta nekatua baina pozik agertu da 2021eko irailetik hona egindako guztiarekin: "Gustura gaude, askotariko kontuak jasotzen dituen egitarau osatzea lortu dugulako; baita jendearen erantzuna bikaina izaten dabilelako ere. Orain, zapatuko jaia dugu aurretik, guretako oso garrantzitsua; ea borobiltzen dugun horrekin guztia".

'Ikazkin trail' lasterketa

Urteurrenaren aitzakiapean, mendi lasterketa antolatuko du Aretxabaleta kirol elkarteak, herrian egingo den lehenengoa, hain zuzen ere. Ikazkin trail izena jarri diote eta irailaren 10ean izango da. Lehenengo datuak ematen hasi da UDA sare sozialen bitartez: 21 kilometro izango ditu eta 1.200 metroko malda. Eta ibilbidearen argazki batzuk ere erakutsi dituzte; Degurixa ingurua, esaterako. Izena emateko epea zabaltzear dagoela adierazi dute elkartetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak