Futbol zelaia herri kirolen topaleku bihurtu dute Leintz Eskola Kirolekoek

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko mai. 28a, 13:28
Gaztetxoak Ibarra futbol zelaian, lasto jasoketa egiten.

Ikasturtea agurtzeko askotariko ekintzak egin dituzte Leintz Eskola Kirolekoek goizean zehar. Guztira, 6 eta 14 urte bitarteko 300 neska-mutiko inguru elkartu dira eta sari banaketarekin eman diote amaiera ikasturteari.

Gaztetxoenek ginkana jolasak egin dituzte herrian zehar, eta nagusiagoek eta kirol egokitukoek, askotariko ekintzak egin ahal izan dituzte Ibarra futbol zelaian. Herri kirolei dagokienez, hainbat izan dituzte aukeran; trontzan ibiltzeko aukera izan dute, lasto jasoketa egitekoa, beraiei egokitutako pisu eta tamainako harri jasoketak egin dituzte, lokotx bilketa... "Futbol zelaia herri kirolen topaleku bihurtu dugu. Urte elkartekoek gainera, haur eta gaztetxoei egokitutako materiala ekarri dute eta oso polita izan da", adierazi du LKE-ko Susana Santorrek. Euskal joko tradizionaletan ibiltzeko aukera ere izan dute, esaterako, igelera fitxak sartzen.

Santorren esanetan, 300 neska-mutiko inguru izan dira goizean ikasturtea agurtzeko jaian eta "poztasun handiko" goiza izan dela azaldu du: "Azken bi urtetan ezin izan dugu horrelako jaia modu presentzialean egin eta ikaragarria izan da gaur denok batera agur jaia ospatzen ikustea".

Bukatzeko, zozketa

Askotariko kiroletan ibili ostean, material ugari zozketatu dute gero parte-hartzaileen artean; baloiak, botilinak, motxilak, 20 eurotako bonoak... Baita bizikleta bat ere.

Santorrek eskerrak eman nahi izan dizkie udalari, UDA elkarteari materiala euren eskura uzteagatik, Forum Sport dendari opariengatik, eta noski, LEK-eko ikasle, guraso eta monitore guztiei ere bai. Gaineratu du urrian hasitako ikasturte honetan 1.250 ikaslek hartu dutela parte euren ekintzetan eta "oso pozik" daudela.

Orain, abenturazko ekintzak

Ikasturtea amaitu duten arren, ekainaren 22ra bitartean hainbat irteera antolatu dituzte DBH 1 eta 2ko ikasleendako; Ontza parkera irteera, surf egitera, jumping-era, Arrikrutzeko kobetara edota Monzon kobazulora. "Opor giroan, beste esperientzia batzuk bizitzeko aukera izango dute orain gaztetxoek", esan du Santorrek.

Erlazionatuak

LKE-ren azken jaia

Amaia Txintxurreta Guridi 2022 mai 28 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak