Herritik haratago doan jaialdiak, ateak irekitzear

Maider Arregi 2022ko mai. 27a, 09:00

Bihar ospatuko da II. Kuartel Eguneko jaialdia. Askotariko estiloetako musikaz gain, bazkaria egingo dute eta bertaratzen diren herritarrei kuarteleko ateak irekiko zaizkie, bertan batzen diren sortzaileen guneak bertatik bertara ikus ditzaten.

Formatu berrituan dator bigarrenez egingo duten Kuartel Eguna. Izan ere, pandemia aurretik ospatu zuten lehenengoz musika ardatz duen ekimena. Aurtengoan, ordea, Aretxabaletatik harago joan direla kontatu du Eñaut Zubizarreta antolatzaileak: "Orain hiru urte, egun bakarreko jaia egin genuen eta bertako musika taldeak izan ziren protagonista. Aurten, bi eguneko ospakizuna gertatu dugu, eta bailaratik haragoko musika taldeak izango ditugu. Beste herri batzuetakoei ere aukera zabaldu nahi izan diegu, zeren guk ere gaztetxe zein bestelako antolatzaileei esker emanaldiak eskaintzeko aukera izan baitugu. Horregatik, guk ere harrera-gune hori eskaini nahi izan dugu oraingoan".

Bestalde, Peio Uribetxeberriak gaineratu du herrian sumatzen dela gogoa eta ilusioa: "Kartel indartsua dugu, eta horrelako taldeak Aretxabaletan ikustea aukera ezin hobea da herritarrendako; orokorrean, talde horiek ikusteko aukera ez da horren erraza izaten".

Herritarrak batzea eta nahi dutenei eraikina erakustea ere badute asmo. "Gaur, zazpiak aldera irekiko ditugu ateak eta zortziak aldera hasiko dira kontzertuak, goizaldeko ordu bata arte. Bihar, berriz, eguerdian irekiko ditugu ateak, eta, ondoren, askotariko musikarekin gozatzeko aukera izango da. Eguerdirako, aldiz, 50 lagunendako bazkaria antolatu dugu, eta gero, musika emanaldiei emango zaie bide". –Bazkarirako sarrerak agortuta daude–.

Askotariko diziplinak

Aurtengo jaia musikaren inguruan antolatu duten arren, antolatzaileek nabarmendu dute kuartelean musika ez ezik, bestelako arte eta kultura arloak ere batzen direla. "Dantzek, serigrafiek, gaitariek eta arte plastikoaren arloak, besteak beste, badute gune propioa kuartelean".

Egitaraua

Gaurko, egubakoitza, eta biharko, zapatua, musika protagonista den egitarau zabala aurkeztu dute II. Kuartel Egunerako:

Maiatzak 27, egubakoitza

Kontzertu sorta antolatu dute. Sarrerak salgai bertan, 5 eurotan.

• John Dealer and The Coconuts

• Rodeo

• Etxekalte

• Vibora

Maiatzak 28, zapatua

Eguerdiko hamabietan ateak zabalduko ditu kuartelak eta nahi duen orok eraikina eta bertan dauden askotariko guneak ezagutzeko aukera izango du. 12:30ean hasita:

• Bat-bateko saioa

• Ekiñe Casado

• Joe Pieman & Gusilu

Ondoren, 50 lagunendako bazkaria egingo da kuartel kanpoko gunean, 14:30ean; eta arratsaldeko bostetan hasiko da makina bat kontzertu:

• Jot Abe

• Inalektrik

• Dear Flakutxo

• Trigger

• Oihu!

• Lehen Lerroa

• Eten

Amaiera DJek emango diote Kuartel Eguneko festari: BRGS, Margumision eta Gorka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak