Beste proiektu batzuei heltzeko dirua gertu

Mirari Altube Arrese 2022ko mai. 20a, 08:35

Komentu ingurua Deba ibaiaren alboan.

2021eko gerakinetik 2,2 milioi euro aurrekontuetan jasota ez dauden hainbat lan eta gastutara bideratuko ditu Udal Gobernuak: Txarapeako hegala egonkortzea, komentu ingurua berrurbanizatzea eta igogailu bat eraikitzea daude proposamenen artean.

Bost milioi euroko diruzaintzako gerakinarekin itxi du 2021eko aurrekontu-ekitaldia Aretxabaletako Udalak. Hala iragarri du Udal Gobernuak prentsa-ohar bidez, eta, era berean, diru horrekin zer egiteko asmoa duen berri eman. 2022ko aurrekontuan jasota ez dauden proiektu berrietara bideratu gura du ia erdia, eta abian dituen proiektu estrategikoetara beste zati handi bat; ezustekoetarako ere gorde gura du.

Atzeratutako proiektuetatik

Soberakin horri esker proiektu berriei heldu ahal izango diete, Unai Elkoro alkateak azaldu duenez: "Bizitzeko erosoa, erakargarria eta irisgarria izango den herri bat eraikitzen jarrai- tu ahal izango dugu. Bestalde, irtenbide bat behar duten zenbait jarduera gauzatzeko aukera ere emango digu; esaterako, Txarapeako mendi-hegala egonkortzea". Gerakin hori nondik datorren ere azaldu dute Udaletik; batez ere, hainbat proiektuk izan du- ten atzerapenagatik gauzatu ez diren partidetatik dator, eta aurreikusitakoa baino handiagoak izan diren jasotako diru-sarreretatik ere bai.

Sei proiektu

Diruzaintzako gerakineko bost milioi euro horietatik bi milioi erabiliko dituzte Udal Gobernuarentzat estrategikoak diren bi proiektu ordaintzeko: Santa Kurtz kalean martxan dauden lanak eta komentuan kokalekua izango duen adinekoentzako gizarte zentroa.

Hona hemen proposatutakoak:

  • Arkupeko klimatizazio sistema berria –eguzki plakak eta aerotermia–: 100.000 euro. 2022ko aurrekontuetan erreserbatutako 85.000 euroei gehituta; beste 15.427 euro proiektua idazteko erabiliko dira.
  • Igogailu publikoa, Iturrizar plazan, ibaiaren ertza eta Txarapea ibilbidea lotzen dituen pasealekua lotzeko –proiektua eta
    eraikitzea–: 416.300 euro.
  • Txarapeako etxebizitzen hegala egonkortzea –obra osoaren inbertsioa 650.000 euro–: 273.483 euro.
  • Komentu ingurua berrurbanizatzea –urbanizazioa eta zubia eraikitzea ibaia inguratzen duen pasealekura–: 640.000 euro.
  • Ibarra futbol zelaia ureztatzeko sistema berria: 22.651 euro.
  • Elektrizitatearen, gasaren eta zaborraren prezioaren igoerei aurre egitea: 403.000 euro.

Gainerako hiru milioietatik 2.200.000 euro 2022ko aurrekontuan sartzea proposatu dute "proiektu berriak" bideratu ahal izateko eta beste hainbat gasturi aurre egiteko.

Ezustekoetarako

Geratzen diren 800.000 euroak, ostera, gordetzea planteatu du- tela adierazi du alkateak, ezustekoei eta aurreikusi gabeko gastuei aurre egiteko: "Zuhurrak izaten jarraitu behar dugu. Errusiak Ukraina inbaditu izanak eragina du ekonomian, eta, gainera, pandemiaren ondorioak pairatzen ari gara oraindik, azken aurrekontu-ekitaldiak baldintzatu baitizkigu. Ezegonkortasun honen aurrean, ezustekoei eta beharrei erantzuteko prest egon behar dugu". Astean aurkeztu duen proposamen hori hurrengo osoko bilkuran aurkeztuko du Udal Gobernuak, onartua izan dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak