Domekan egingo duten Otala Zelai egunean, 11:00etan, herri krosa egingo dute, haurrentzat zein helduentzat, eta gero etorriko dira, 13:00etan, animalien jolasak; 13:30ean, sagardo festa, Aretxabaletako Leizarra musika eskolako trikitilariek alaituta; 14:30ean, herri bazkaria; 16:00etan, euskal disko festa DJ Bullekin; 18:00etan, dantza saioa Leizarra dantza taldekoekin; eta amaitzeko, berriz izango da DJ Bull.
"Pandemiaren ostean, ekintzak antolatzeko gogoz geunden, eta gauza ugari izango ditugu. Haurren eta Joseba Mardo-ren omenezko krosen ostean egingo diren kontuez gain, herri bazkaria izango da, eguerdian, eta bertara nork bere bazkaria ekarriko du. Horretarako, mahaiak jarriko ditugu, eta musika ere izango da hitzordua girotzeko. Hala ere, arratsaldean ere izango da zertaz gozatu…", adierazi du Caberok.
Joseba 'Mardo'-ren omenezkoa
Otala Zelaiko herri krosaren 42. edizioa izango da domekan. Lehenbizi, 10:00etan, haurrentzako lasterketak egingo dira –benjaminak, alebinak eta infantilak–. Ostean, 11:00etan, helduen krosa hasiko da, eta partehartzaileek Otala Zelaitik irtenda bira eman beharko diote Urkulu urtegiari. Hiru kategoriatan banatuta egongo da lasterketa: gizonezkoak, emakumezkoak eta bikote mistoak. Izen-emateak, aurrez, herrikrossa.eus-en edo Ibarra kiroldegian egin daitezke, zortzi euro ordainduta, eta egunean bertan parte hartu nahi duenak hamabost euro ordaindu beharko ditu.