Herritarrak euskarara gerturatzea helburu duen Auzoko taldeko kideak gaztelekuko sukaldean elkartuko dira maiatzeko hainbat astetan. Herrialde askotariko jakien gaineko lanketa egiten dabiltza, euskarazko berbak ikasten, eta kozinatzen.
Astelehenean, karapaixoa izan zuten langai; ohituraren berri jaso eta aditua den herritar batekin zelan egin ikasi zuten. Eguaztenean, ostera, kuskusaren txanda izan zen, eta hori kozinatzen irakatsi zieten.
Datorren astean bi saio
Datorren astean ere izango dituzte beste bi saio: martitzenean (12:30-16:30), jaki arabiarren bueltan jardungo dute lanean; eta eguaztenean (09:00-11:00), janari pakistandarrak izango dira protagonista.
"Ikastaro horiei esker munduko janari ezberdinak kozinatzen ikasteaz gain, sukalde kontuak euskaraz bizitzeko aukera izaten gabiltza Auzokon", azaldu du taldeko arduradun Miren Igartuak. Maiatzaren 22an egingo den kultura arteko bazkarian, saio horietan ikasitakoa probatzeko aukera izango da.