Berdegunean zer egin erabakitzen hastear dira

Mirari Altube Arrese 2022ko mai. 12a, 16:10

Kiroldegi aurrean dagoen 3.000 metro koadroko zelaiaren etorkizuna herritarrekin batera erabaki gura du udalak. Eguenean, maiatzaren 12an, egingo duten saio irekian hiru proposamen hautatuko dituzte, eta aurrerago, botoa emateko epea zabalduko dute. Batzarrera herritar guztiak gonbidatu dituzte; Arkupeko bigarren solairuan izango da, 18:30ean.

Zelaiaren etorkizuneko diseinua zehazteko prozesuaren berri eman zuten Unai Elkoro alkateak, Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak eta Ibai Larrabe Udaleko arkitektoak, martitzenean. Alkateak adierazi zuen 2022ko aurrekontuetako inbertsioetan jasota dutela 3.000 metro koadro dituen lursail horretan kokatuko den proiektua: "Iaz hasi gura genuen, baina atzeratu egin da. Orain, Plan Orokorraren garapen prozesuarekin ere bagabiltza eta hor jaso dugu herritarren aldetik ingurune horretan zerbait egiteko gogoa. Hortaz, aretxabaletarrek erabaki dezatela zer egin hor". Zubillagak berretsi egin zuen Elkorok esandakoa: "Kirol ekipamenduekin betetzea zen hasierako asmoa, baina aisialdiarekin zerikusia duten proposamenak ere jaso ditugu". Eta zehaztu zuen bi urtetik hiru urtera bitarteko egutegi bat ezarriko dela: "Hainbat ekitaldi ekonomikotan gauzatzen joateko".

Hiru proiektu bozkatzeko

Maiatzaren 12an egingo duten bileran abiapuntutzat hartuko dituzte Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko egindako saioetan herritarrek egindako proposamenak. "Hiru lan-mahai osatu eta hiru ideia landuko dira: bat izango da gune berdea mantentzea; beste bat, kirol ekipamenduz betetzea; eta hirugarren mahaian aurreko bi ideiak nahastuko dira", azaldu zuen Larrabe arkitektoak.

Eta adibide batzuk eman zituzten: ur-jokoak, padel pista, kirol askotariko kantxa eta jolasgune naturala. Egueneko bileran hiru proposamen hautatuko dituzte, lan-mahai bakoitzeko bat, eta ondoren, botoa emateko epea zabalduko dute. Hiru proiektuak Arkupen jarriko dira ikusgai eta maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bitartean bozkatu ahal izango dute herritarrek, aurrez aurre zein telematikoki, udal webgunearen bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak