Hiru partidu jokatu ditu talde bakoitzak, eta sartzen zuten gol bakoitzeko festa nagusitu da futbol zelaian. Ikuskizun ederra eskaini baitute jokalariek, aniztasun funtzionala izateak ez baitie galarazten futbolean behar den bezala jokatzea. Ibarrara bertaratu direnek jokaldi landuak, detaile teknikoak, kontaktu fisiko indartsuak edota mugimendu taktikoak ikusi dituzte barra-barra, baina, guztiaren gainetik, laguntasuna.
Besarkada estuekin urtzen ziren talde bateko eta bestekoak neurketen amaieratan, gauza handia baita beraientzat elkarren artean lehiatzea, are gehiago kontuan hartuta Espainiako futbol taldeekin osatzen duten Genuine ligaren baitan, bidaia luzeak egin behar izaten dituztela partiduak jokatzeko. Baina gaurkoan Aretxabaletan izan dute aukera hain gustuko duten hori praktikatu eta partekatzeko, Aretxabaleta Kirol Elkartearen ekimenez. Ainara Muga klubeko kudeatzaileak adierazi bezala, "Adeitasun torneoak kirolaren baliorik onenei egin die lekua, eta merezi du horrelako hitzordu bat urtero antolatzeko apustua egitea".
Aratz elkartekoei harrera
Partiduak bukatu direnean, Aratz elkarteko erabiltzaileekin keinu polita izan dute txapelketako partaideek; pasilloa egin diete, eurak ere ekimenaren parte sentiaraziz. Gaurkoan emaitza izan baita gutxien axola izan duena, eta, ondorioz, denek irabazi dute.