Ospakizuna eguerdian izango da, eta Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar gonbidatu dute bertara; hark egingo du ekitaldi politikoa (12:00). Ondoren, herritarrendako zabalduko dituzte ateak (12:30), eta mokadutxoa eskainiko dute. Eguna borobiltzeko, bazkaltzeko elkartuko dira alderdikideak.
45 urte, uztailaren 7an
Historian atzera egin dute gaur egungo jeltzaleek eta batzokiaren gaineko datu batzuk eman dituzte. Hala, jakinarazi dute Aretxabaletako lehenengo batzokia –Durana kaleko 7. zenbakiko azken solairuan– inauguratu zenetik 45 urte beteko direla datorren uztailaren 7an. Kiroldegian egindako bilera erdi-klandestinoetan hasi ziren asmo hori lantzen urtebete lehenago, eta orduan eratu zuten ofizialki Uri Buru Batzarra. EAJk bazuen udal batzar bat 1930a ezkero, baina 1977ra arte jeltzaleek ez zuten ireki lehen egoitza soziala.
Kale bereko 19. zenbakira aldatu zuten batzokia 1985ean, arrandegia izan zen lokal batera; taberna zen hura eta afiliatuek egiten zuten lan, txandaka. 1986ko irailean, baina, itxi egin zen, Eusko Alkartasunaren sorrerak EAJren zatiketa ekarri zuenean.
Oraingoa 1996an zabaldu zuten, bi funtzio betez: egoitza eta elkartea. Eta alderdiko kide ez zirenei ere eman zieten bazkide izateko aukera. 1997ko urriaren 25ean, eraso egin zioten molotov koktel batekin, baina hiru hilabete geroago ateak irekitzeko gertu zuten; Xabier Arzallus, EAJko orduko presidentea, izan zen inaugurazio hartan.