Adimen urritasuna oztopo ez dela erakutsiko dute

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mai. 6a, 08:30

Genuine ligako Athleticeko jokalariak partidu batean. Athletic Club Fundazioa

Genuine ligako lagunarteko partiduak jokatuko dituzte domekan, Ibarra futbol zelaian, Realak, Athleticek, Alavesek eta Eibarrek. Adimen urritasuna duten pertsonengan futbola normalizatzea helburu, 11:00etan hasiko dira zortziko futboleko partiduak.

Domekan, Genuine ligako lagunarteko txapelketa jokatuko da Ibarra futbol zelaian. Liga honetan, adimen urritasuna duten pertsonek jokatzen dute, eta 115 parte-hartzaile arituko dira, guztira, UDAren 75. urteurrenaren egitarauaren barruan antolatutako egitasmoan. Hain zuzen, Realaren, Athleticen, Eibarren eta Alavesen arteko partiduak izango dira, 11:00etan hasita.

UDAk kirola ulertzeko duen moduari jarraipena emanaz antolatutako ekintza da; hau da: "Kirola ez da goi mailakoa bakarrik, kirola guztien eskura jarri behar da eta kirola gizartean ahalik eta gehien zabaltzeko lan egin behar dugu". Ideia horrekin antolatu dute futbol txapelketa.

Futbolaren beste kontzeptu bat

"Uste dugu garrantzitsua dela Genuine liga bistaratzea eta aukera hori eskaintzea bertan ari diren taldeei. Batetik, gaur egun murritzak direlako bistaratzeko dituzten aukerak; eta, bestetik, oso interesgarria delako talde hauetan egiten den balio transmisioa. Jokalariek beste futbol kontzeptu bat dute buruan eta hori erakusten dute jokatzen dutenean", adierazi dute UDAtik.

Zortziko futbola izango da Ibarrako futbol zelaian. Zelai handia erditik banatuko da eta bi taldek alde batean jokatuko dute eta beste bik beste erdian. Partiduak 24 minutura jokatuko dituzte, eta partidu baten eta bestearen artean 10-15 minutuko atsedenaldia izango da.

UDAren 75. urteurreneko egitaraua prestatzean, etxekoa den Igor Arenazarekin harremanetan jarri ziren kirol elkartetik; Athleticeko Genuine taldearen ardura du gaur egun. "Igorrek asko lagundu gaitu eta ekimen honen antolakuntzan lan handia egin du".

Igor Arenaza: "Genuine ligako futbol partiduetan egiten den guztia ospatzen da"

Igor Arenaza, Athetic-eko Genuine taldeko hezitzailea.

UDAn egin zituen lehen urratsak Igor Arenazak. Futbol profesionaleko zenbait taldetan aritu zen, eta jokalari moduan ibilbidea ere Aretxabaletan bukatu zuen. Duela zenbait urtetik hona, Athletic Fundazioan ari da, eta proiektu ezberdinetan ari da arlo sozialean lanean. Horietako bat da Athleticek duen Genuine taldea.

Zein ezberdintasun dago Genuine ligako partidu baten eta bestelako liga bateko partidu baten artean?

Genuine ligako partidu batean dena ospakizuna da. Kirol emaitzak ez du garrantzirik eta edozein gauza txiki, lorpen… ospatu egiten da. Emozionalki oso potentea da. Adibide bat jartzearren: guk irakasten diegu aurkariek gol bat sartzen digutenean haiekin ospatu behar dela, eurak ere gola sartzeko saiatu egin direlako… Hori horrela, lehiakortasuna alde batera uzten dugu, eta beste balio batzuk transmititu.

Domekan zer izango da ikusgai Aretxabaletan?

Festa bat izango da, eta baita aukera bat aldarrikapen batekin hasteko. Gizartean integratu beharra sustatzen dugu, eta herri txikietan ere sustatu behar da; alegia, ikusarazi eta normalizatu egin behar dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak