Mugimendu librea eginez, "ecstasia"-ren bila

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mai. 5a, 11:29

Oskar Estanga DJa musika jartzen.

Datorren egubakoitzean, maiatzaren 13an, Ecstatic dance saioa egingo dute, Jaiki elkarteak antolatuta eta Oskar Estanga DJak gidatuta, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian, 18:00etatik 21:00etara bitartean.

Dantzaldi librea izango da saioan eskainiko dena, Oskar Estangak jarritako musikarekin lagundutakoa: "Dantzaldi libre bat, hitzik, zapatarik eta substantziarik gabe. Zeure buruarekin, taldearekin. Musika izango da lehengai, aitzakia, arrazoi. Jaio, garatu, erotu, loratu eta bukatuko den saioa, behar duzun bezala mugitzeko, epaitu gabe. On egiten digunak erakutsiko digu zerk egiten digun on, eta, agian, mugimendua izatearen ecstasia ager daiteke", adierazi dute Jaiki elkartekoek.

Hori horrela, Ecstatic dance saiora gonbidatu nahi dituzte herritarrak; esan moduan, nahi duten moduan mugitzera eta dantzatzera. Saiora joateko interesdunek 688 81 96 65 telefono zenbakira deitu edo idatzi dezakete, eta hamabost euro ordaindu beharko dituzte langileak badira; eta hamabi euro, berriz, langabezian dauden pertsonek.

Ikastaro irekiak

Ekintza berezi honez gain, Jaiki elkarteko kideek asteroko ikastaroekin jarraitzen dute Aretxabaletako kuartel zaharrean. Astelehenetan, lindy hop edo swing ikastaroa egiten dute; bi talde ari dira dantza saio horietan: hastapeneko taldea eta eskarmentuduna. Martitzenetan, berriz, bat-bateko konposizio dantza ikastaroa egiten dute. Hala, ikastaroren batean parte hartzeko interesa duen edozein herritarrek ateak irekita izango dituela azpimarratu dute, eta talde guztiak irekiak direla nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak