Elikaduran eta Bromatologian katedraduna den Iciar Astiasaran aretxabaletarrak beste urrats bat eman du Nafarroako Unibertsitatean egiten diharduen ibilbide profesionalean. 2004 eta 2011 urteen artean Farmazia eta Elikadura Fakultateko dekanoa izan ostean, eta azken hamar urteetan (2011-2021) fakultate bereko ikerketa alorreko errektore orde lanetan ibili eta gero, Nafarroako Unibertsitateko Elikadura Ikerketa Zentroko zuzendari izendatu dute.
Ibilbide oparoa
Astiasaranek ibilbide luze eta oparoa du unibertsitate munduan. Farmazioa eta Elikadura graduetako hainbat irakasgaitako irakaslea izateaz gain, beste hainbat jardunetan ere aritu da azken urteetan; zehazki, 169 publikazio egin ditu aldizkari espezializatuetan, 16 liburu idatzi ditu, 36 liburutako kapitulutan hartu du parte, 111 kongresutan hartu du parte eta 26 doktorego tesi zuzendu ditu. Espainiako Farmazia Akademia Nazionaleko (RANF) kide ere bada.
Horrez gain, hainbat errekonozimendu jaso ditu hezkuntza eremutik kanpo ere; besteak beste, 2006an Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman zion Elikadura, Dietetika eta Elikadura Segurtasunean egindako ibilbideagatik.