Ohi legez Arkupeko Zaraia aretoan izango dute lekua arte eszenikoek. Xabi Larrea zirkuko aktoreak, esaterako, Pin Pang ikuskizuna eskainiko du zapatuan, maiatzaren 8an. Malabareak eta magia uztartuko ditu Larreak, pin pong-eko pilotak manipulatzeko teknikak garatuta.
Udal liburutegiak gonbidatuta, Perli eta Koxkolo bikoteak Bidaia liluragarria ipuin musikatua aurkeztuko du hilaren 18an. Aniztasunaren, berdintasunaren eta ekologiaren aldeko lana da, haurren irudimena pizteko eta familia giroan "ezin hobe pasatzeko". Ikuskizuna hiru eta zazpi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta izena aldez aurretik eman behar da, maiatzaren 9tik aurrera hain zuzen ere, udal liburutegian.
Eidabe konpainiak, ostera, Piztu! EmakumeON energia haurrentzako antzezlana aurkeztuko du Herriko Plazan, hilaren 22an. Marie Curie fisikari poloniarra, XX. mendeko zientzialari handienetako bat, omentzea du helburu lanak.
Areto futbolekoen ikus-entzunezkoa
UDAko areto futboleko taldearen 17 urteko ibilbidea jasotzen duen ikus-entzunezkoa ere emango dute: Segundu bat bizitza da! Maiatzaren 12an da eta bi emanaldi izango dira: 18:45ean eta 20:00etan.
Musika eskolakoen emanaldiak
Leizarra musika eskolako kideek hainbat emanaldi eskainiko dituzte. Hilaren 23an, haize-metal eta haize-egurrezko instrumentuak jotzen dituzten ikasleen emanaldia izango da; 25ean, perkusio ikasleena; 30ean, gitarra-joleena; eta 31n baxu elektrikoa ikasten dihardutenena.
Gainera, hilaren 29an Leizarra Dantza Taldearen eguna ospatuko dute.
Maria Lasaren pirograbatuak
Bestetik, Arkupeko erakusketa aretoan Maria Lasa artista eta tatuatzaile eibartarraren lanak izango dira. Egurrean pirograbatuaren teknikarekin egindako lanen bilduma jarriko du ikusgai, HI (Sua) izenburupean. Eguenean zabalduko dute eta hilabetea bukatu artean egongo dira bertan.
Beste ekitaldi batzuk
Pandemiaren etenaldiaren ondoren, Otala Zelai Eguna, maiatzaren 15ean, eta Txakolin Eguna, 28an, berreskuratuko dira; oraingoan ere Getariako Txakolina jatorrizko izendapena duten sei upategik parte hartuko dute. Eta beste ekitaldi bat ere badator maiatzeko egitaraua osatzera: Artzain Txakur Txapelketa, hilaren 14an.