"Konponbidearen alde" 1.000 kilometro egiteko erronka

Mirari Altube Arrese 2022ko api. 29a, 18:05

Sareko hainbat kide eta Urkuluko birarekin bat egingo duten beste hainbat ekimena aurkezten.

Aretxabaletako Sareko kideek herritarrak gonbidatu dituzte Urkulu urtegiari buelta ematera maiatzaren 7an; Izan Bidea ekimenari ekarpena egin gura diote, eta 1.000 kilometro batu norberak hautatzen duen moduan: oinez, lasterka, patinetean edo bizikletan.

"Beste espetxe politika baten alde Aretxabaletan dagoen adostasuna" irudikatze aldera, Urkulu urtegiari bira ematera
gonbidatu dituzte herritarrak
Sareko kideek. Maiatzaren 7an izango da, zapatua, 10:30ean abiatuta hegaztien begiratokitik.
Ekimenarekin bat egiten dutenek
taldeetan banatuta emango diote bira, eta hori egiteko hainbat modu aukeran izanik: oinez, patinetean edo bizikletan.

Lege arruntak aplikatzea

Aretxabaletako Sareko kide Txarli Garciak ekimenaren helburua azaldu du: "Euskal presoei oraindik aplikatzen zaien salbuespen legedia bertan behera uztea eskatuko dugu. Azken hilabeteetan eman dira aurrerapauso batzuk, bereziki, urruntze politikari dagokionez, baina, zoritxarrez, oraindik graduen progresioaren kontua edo presoei dagozkien irteera baimen berezien gaia geldi daude. Ildo horretatik, guk aldarrikatuko dugu euskal presoei lege arruntak aplikatzea gainerako presoei legez eta haien eskubideak bermatzea". Foro Sozialak jasotako datu batzuk eman gura izan ditu, esandakoa berretsiz: azken hilabeteetan 76 irteera baimen ukatu; bigarren gradutik hirugarrenera progresioa tantaka eta gutxi; eta hirugarren graduaren erregresioa –kalean egon eta berriro espetxeratzea–.

Gari Garcia, bigarren graduan

Zaballan dagoen Gari Garcia Arrieta ere izango dute gogoan: "Picassentetik etorri zen orain dela hamasei hilabete. Ordutik, bigarren graduan dago, baina ez du aldaketarik izan haren egoerak, nahiz eta baldintza guztiak bete, irteera-baimen bereziak eskuratzeko, esaterako".

Hala, "konponbidearen alde" 1.000 kilometro egitea da erronka, Izan Bidea ekimenari ekarpena eginez. Horretarako, izena aldez aurretik ematea eskatu dute honako helbidera idatzita: aretxabaletakosare@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak