25. urteurrena ospatzen dabil Kurtzebarri BHI 2021-2022ko ikasturtean, eta oraingoan, musikari egingo diote lekua. Aretxabaletako eta Arrasateko hainbat gaztek osatutako taldeek kontzertua emango dute bihar, zapatua, Herriko Plazan.
Sei kontzertu
Wood Strings, Korda Rota, Eten, Oihu! eta Libertad Condicional taldeak izango dira oholtzan, bereziki rock doinuak eskaintzeko. Eta Peio Uribetxebarriak eta Irene Ruiz de Austrik doinu akustikoak ere eroango dituzte. Hain zuzen ere, horiek emango diete hasiera kontzertuei, 18:00etan, eta azkenek, Libertad Condicional arrasatearrek, 23:00etan ekingo diote emanaldiari. Talde horietako partaide asko ikastetxeko ikasleak eta ikasle ohiak dira.
Sariak lehiaketen irabazleei
Egun horretan, gainera, Tiktok eta orri markatzaile lehiaketen irabazleei sariak banatuko dizkiete Batera guraso elkarteko kideek. Tiktokeko irabazleak izan dira: Rap sailean, Nora Berezibar, Udane Unamuno eta June Arrate; Bertsoak sailean, Aratz Perez, Iradi Melgar, Izaro Urkia eta Nahia Pasamar; eta Dantzak sailean, June Fernandez eta Naia Gonzalez. Orri markatzaileei dagokienez, hemen txapeldunak: Eider Cabero, Amaiur Isasmendi eta Izar Zuazo.
Bazkaria, hilaren 21ean
Bestalde, maiatzaren 21ean bazkaria egingo dute pilotalekuan; 25 urteotan institutuaren komunitatea osatu duten ikasleak, gurasoak eta irakasleak elkartuko dira. Txartelak aurrez erosi behar dira, ikastetxean; azken eguna maiatzaren 16a da (prezioa: 10 euro).